Patrizia Etxegarai Altuna (Lesaka, 1995) artistaren Larrosak nire sahatsen azpian erakusketa ikusgai dago Lesakako komentuan. Larunbatean egin zuen inaugurazio ekitaldia, K Kolektiboarekin batera egindako performance batekin. Orain, iraileko asteburu guztietan ikusgai izanen da bere lana komentuan, larunbat eta igandetan, 17:00etatik 20:30era.
Marrazkiak hainbat euskarritan
Hainbat euskarritan egindako marrazkiak ageri dira erakusketan. Dimentsio handiko marrazkiak eginak ditu paperean, gero hauetako batzuk oihalera transferituak daude serigrafia bitartez eta hauekin instalazioa sortu da. Prozesu hauetan garatutako teknikak biltzen dituen ikusentzunekoa ere grabatu du Koxkontan, sortetxean eta bere testuak biltzen dituen liburuxka irakurtzeko eta erosteko aukera ere ematen du. Lesakan jaioa izan arren, urte batzuk daramazki Etxegaraik sorterritik kanpo, Arte Ederrak ikasi baititu Bilbon eta Madrilen eta gaur egun Irunen bizi da. Gustura bueltatu da herrira bere lehen erakusketa hau egitera, «proiektuaren izaera hagitz autobiografikoa» dela kontuan hartuz. «Aitaren galeraren ingurukoa da erakusketa, marrazki batean nire arbasoak ere ageri dira, nire familia Lesakakoa da eta ilusioa egiten dit Lesakari nire mundua erakustea».