Ane Elzaurdia beratarrak eta Alberto Barberena baztandarrak irabazi dute VII. Berako Gau Krosa

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 6a, 09:00

Ane Elzaurdia beratarrak eta Alberto Barberena baztandarrak irabazi zuten larunbatean, Manttale Mendi Lasterketa Taldeak antolatutako Berako Gau Krosaren zazpigarren edizioan. Denera 71 korrikalarik osatu zuten zazpi kilometroko ibilbidea eta taldeka Anbrunak izan zen garaile.

Gizonezkoetan, Alberto Barberena Elizondoko korrikalariak ordu erdi baino gehixeago (32:13) behar izan zuen lasterketaren ibilbidea osatzeko, Bera inguruko karrika eta mendietatik zazpi kilometro eta 300 metroko desnibel positiboa duena. Mathieu Gachen saratarrak (33:03) eta Gwendal Larqué beratarrak (33:22) podiuma osatu zuten bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Barberena (2014an bigarren izan zena) egin diren Gau Krosaren zazpi edizioetan zazpigarren irabazle desberdina da.

Emakumezkoen kategorian, Ane Elzaurdia Manttaleko lasterkariak bigarren garaipena lortu zuen Gau Krosean (2018an ere irabazi zuen), 40:42ko denborarekin Inés Arreitunandiaren (44:00) eta Lorea Sarobe beratarraren aitzinetik.

Taldeka Anbrunak

71 korrikalarik hartu zuten parte, eta COVID-19aren aurkako neurriak betez egin zen.

Anbrunak kuadrilla (Gwendal Larqué, Jon De la Cruz, Ruben Zapirain, Lorea Sarobe eta Carlos Torres) izan zen azkarrena, Arrastakaren aitzinetik (Oihan Pikabea, Amaiur Goñi eta Aritz Gartzia).

Parte-hartzaile guztiek korrikalariaren poltsa bat jaso zuten Martiko, Zalain Janariak eta S. Mazizior Edariaken produktuekin.

Lerro hauen bitartez, Manttale Mendi Lasterketa Taldeak eskerrak eman nahi dizkie proba antolatzen lagundu zuten boluntarioei, erakundeei eta enpresei.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun