Nafarroako Disko Golf Irekiaren lehen edizioa eginen dute Igantzin

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 5a, 11:00

Duela bi urte inauguratu zuten IrrisarriLandeko disko golf zelaia eta zenbait txapelketa hartuak ditu dagoeneko.

Baxi Basajauna Disko Golf Elkarteak antolatu du IrrisarriLanden irailaren 11n eta 12an, 58 parte-hartzailek eman dute izena dagoeneko eta izen-ematea zabalik dago oraindik.

Nafarroako I. Open Disko Golf Txapelketa jokatuko da irailaren 11n eta 12an, duela bi urte inauguratu zen Igantziko IrriSarri Land-eko Disko Golf zelaian, Baxi Basajaun elkarteak antolatua. Txapelketan espainiar estatuko jokalari onenak izanen dira eta hainbat kategoriatan jokatuko da. Galizia, Madril, Euskal Herria, Katalunia, Kadiz eta Asturiasko klubetako jokalariek izena emana dute dagoeneko.

Txapelketa honako kategoriatan lehiatuko da: Open (MPO), Emakumezkoak (FA1), Amateurrak (MA1), Master (MA40) eta Jubenilak (MJ18) dira. Kategoria guztiak hemezortzi saskiko hiru kanporaketetan jokatuko dituzte, horrela Espainiako Disko Golf Elkarteak eskatutako gutxieneko baldintzak betez.

Izena ematea

Izen ematea oraindik zabalik dago, gehienez 72 jokalarik hartuko dute parte, inskripzioa Disc Golf Metrix webgunetik egin daiteke.

Disko golfa, denontzat egokia

IrriSarri Landeko zelaia izan zen Nafarroan egin zen lehen Disc Golf zelaia eta abentura parkean egin daitekeen jardueretako bat da. Donezteben ere, hiru saskiko zelai publikoa inauguratu dute aurten Intzakardi parkean. Gazteak eta helduak erakartzen ditu eta elbarrien artean ere praktikatzen da. Munduko 20 herrialdetan daude Disko Golf zelaiak, 1.300 zelai baino gehiago daude AEBetan eta Kanadan zehar, Europan berriz iparraldeko herrialdeetan aitzindariak izan dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun