Igantziko bi emakumeren testigantza lehengo garaiko baserriko lanak gogoan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 4a, 10:00
Udan koltxoiak urratu, artilea ateri eta makilekin jotzen zuten, ongi aireztatzeko.

Seroneko Esperantzaren eta herriko bertze emakume baten solasak bildu ditugu oraingoan.

 Lehengo batean, Igantziko Alinekobordako Batistak bere gazte garaiko udak nolakoak ziren kontatu zigun. Oraingo honetan Seroneko Esperantzarekin eta  herriko bertze emakume batekin izan gara. Berak aipatu digunez, «udan gogorrena belarrak egitea izaten zen, dudarik gabe, lan guztia eskuz egin behar zelako: belarra pikatu, belarrari buelta eman, xerreldak egin eta meta egiteko prestatu. Orduan ez genituen orain ditugun erremintak».


Lan horiek egiten noizbait zerbait berezia gertatu zitzaizun?

Erremintekin deskuidoren bat igual, behin sardea sartu nuen zangotik, purrustaka ateratzen zen odola eta, lanak utzi eta lasterka joan behar izan nuen medikuarengana. Sugeekin ere beti airean!

Orduko baratzeak eta gaur egunekoak antzekoak dira?  Barazkiren bat desagertu da edo jadanik ez da lantzen?

Desagertu ez, lehen erremolatxa egiten zen eta hori orain hemen galdu da. Lehen aziendarentzat egiten zen kalabaza azkarki eta orain, berriz, bertze klase batzuetakoak egiten dira, jendeak jateko, ez aziendentzako.

Orduan, orain baino azienda gehiago bazen? Udan lan haundia ematen zuten? Aziendan martxa ere aldatu dela uste duzu?

Bai, lehen etxe gehienetan izaten zituzten esne behiak eta lan gehiago ematen zuten, egunean bi aldiz jetzi egin behar zirelako. Orain baserri gehienetan kanpoan izaten dituzte behiak, haragitakoak, eta horrek lan gutiago ematen du.  Baserrian ez da inoiz lan faltarik izan, udan belarrak eta neguan, berriz, bazkak egin behar, eta eguraldi txarrarekin bazkak egitea ez zen batere gozoa izaten. Martxa aldatu da bai, orain etxe aunitzetan ez da aziendarik, eta gelditzen diren bakar horiei esker belaiak garbi edukitzen dira.

Etxe barrenean eta inguruan ere lana aunitz egin beharra izanen zen. Zer lan egiteko probesten zen uda?

Lehen koltxoiak artilezkoak ziren, orduan udako beroa probesten genuen lan hau egiteko: koltxoiak urratu, artile guztia atera eta makil batekin jotzen genuen ongi aireztatzeko eta eguzkitan utzi. Funda garbitu eta berriz ere lana guztia sartu behar zen koltxoian eta funda josi. Hori urtero egiten zen. Etxea barrenetikan pintatzeko ere aprobetxaten genuen uda.

«Udako beroa probesten genuen koltxoiak urratu, artile guztia atera eta makil batekin jotzeko, ongi aireztatzeko eta eguzkitan uzten genuen»

Hala ere ez zen dena lana izanen. Nola dibertitzen zineten?

Nire aita Berakoa zen eta besta guztiak pasatzera joaten nintzen ahizparekin, osaba eta izebaren etxera, bidaia trenean egiten genuen. Igantzin igande arratsaldetan akordeoia izaten zen plazan eta ilundu orduko behar izaten genuen etxean sartu. Lesakara eta Arantzara ere joaten ginen, oinez eta musika bukatzen zenean bueltatzen ginen etxera.

 

«Neretzako gogorrena belarra bildu eta metak egitea izaten zen»

Herriko bertze emakume batek aipatu digunez, «gauzak aldatzen ari direla, denak ohartzen gara. Lehen uztailean belar lanak bizkorki luzatzen ziren, dena eskuz egiten baitzen: segaz belarra moztu eta gainerakoa belar arrastuluarekin; segadorak atera zirenean ederki nabaritu genuen diferentzia!». Abuztuan, berriz, «patata ateratzen pasatzen genituen egun batzuk dena ailtzurrez egiten baitzen. Niretzako gogorrena belarra bildu eta metak egitea izaten zen».

Orduko baratzeak eta gaur egunekoak berdintsuak direla ere aipatu digu: «Orduan sifitua aunitz izaten zen zerriei emateko. Orain barazki gehiago paratzen dira lehen ezagutzen ez genituenak: brokolia, romaneskua…».

Orduan orain baino azienda aunitz gehiago zela ere buruan du: «Etxe gehienetan baziren behiak, zerriak… Behiak eskuz jeizten ziren eta esne hori salduz bizi ginen. Orain azienda kopuru haundia ez baduzu, ezin da deus ere egin».

Baserriko lanez gain, gehienbat etxe ingurua txukuntzen izaten omen zuten lana eta dibertitzeko, «San Juan Xarrera joaten ginen errekan ibiltzera» eta inguruko herrietako bestetara ere joaten ziren, «Lesakara, Arantzara… Oinez joaten ginen eta ilundu orduko etortzen ginen etxera. Geroago kotxea zuen norbait bilatzen genuen kotxean etortzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun