Berako VII. Gau Krosa larunbatean eginen dute

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 2a, 11:00

Normalean besta bezperan egiten duten lasterketa irailaren 4ra atzeratu du Manttalek. Ibilbidea seinaleekin eta boluntarioekin ongi markatuta egonen da, baina frontala derrigorrezkoa izanen da partaide guztientzat, antolakuntzak ez baititu bere gain hartuko frontalik ez daukan partaideari gertatzen ahal zaizkion ezbeharrak.

Larunbatean 22:00etan Merkatu plazatik abiatuko da aurtengo Gau Krosa. Manttale mendi lasterketak antolatutako ibilbideak 7,4 kilometro izanen ditu, 300 metroko desnibelarekin.

Altzateko Merkatu plazan hasi eta bukatuko da gau krosa, tartean herriko hainbat karrika eta bidetatik pasatuta; Altzate karrika, Mukixu, Julio Caro Baroja karrika, Ugalzubia, Matzada, Illekueta, Legia, Matzenborda, Ezpondakoborda, Lazarenborda, Plaza Zaharra, Gernikako arbola karrika, Xubixabal, Bidasoa karrika, Espidobaita, Kaxerna, Garmendiko Borda, Haritzalde, Mitxinborda, Egurregi, Garakoetxeko Borda, Sarron eta Lamixene. Ikusleak ezingo dira Merkatu plazako irteera eta helmuga gunera sartu eta parte-hartzaileek musukoa paratu beharko dute lasterketaren aitzinetik eta ondotik.

Izen ematea zabalik dago eta gehienez ere 200 lagunek hartu ahal izanen dute parte. Izena emateko, egin klik hemen. Gizonezkoen eta emakumezkoen lehen hiru sailkatu absolutuentzako sariez gain, bi kuadrilla onenak ere sarituko dituzte. Lau korrikalarik osatuko dituzte kuadrillak, gutxienez emakume batekin bakoitzean. Talde bakoitzeko lehenengo hiruak puntuatuko dituzte, baina laurek helmugara iritsi beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun