Gaztainak txertatzen ikasteko ikastaroa eginen dute Arantzan larunbatean

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 1a, 20:00

Martxoan egindako ikastaroaren segida izanen da eta txerto motak izanen dituzte hizpide

Irailaren 4an gaztainak txertatzeko ikastaroa izanen da Arantzan. Egun osoko jarduna izanen dute, 08:30ean hasiko da kanpoan alde praktikoarekin eta 16:00etan alde teorikoa emanen dute eskolako gimnasioan. Efren Martin adituak gidatuko ditu zereginak eta berarekin batera Joseba Ibargurengoitia Euskal Herriko Hazien Sareko ordezkaria eta Mikel Diaz gobernuko teknikaria izanen dira. Txerto motak izanen dituzte hizpide aldi honetan, uda akabailako garai honetara egokituak.

Udaberri hasieran egindako saioan parte hartu zutenekin harremanetan jarriko da udala ikastaro honen berri emateko. Bertze norbaitek interesa izanez gero, udaletxean eman beharko du izena. Herritarrek lehentasuna izanen dute eta aukera izanez gero, herrikoak ez direnek ere eman ahal izango dute izena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun