Iraileko lehen asteburu honetan segida izanen du Lesakako Sorginxulo Kultur Bilguneak eta Lesakako Udalak antolatutako Udako II. Kultur Zikloak. Irratian eta telebistan hain ezagun den Antton Telleriak Bittiriko plazan Nekatutak eskaintzekoa zuen bakarrizketa irailaren 3an, ortziralean 20:00etan. Eguraldi iragarpena dela eta, emanaldia Harriondoa Kultur Etxean eginen du.
Biografia
Bada jendea, etengabe bromak egiten aritzearen poderioz, sinesgarritasuna galtzen duena. Kasu horren adibide garbia da Antton Telleria Lopetegi (Wisconsin, 1865). Kontua da Anttonen helburua ez dela sinesgarri izatea. Horretarako daude kazetariak. (jajaja).
Anttonek nahi duena da inguruan duen jendeak barre egitea. Modu horretan konfiantza sentitzen baitu. Eta konfiantza oso gauza ona da. Hori bai, barreek ez ezik, diruak ere ematen dio konfiantza. Horregatik hasi da monologoak egiten: konfiantza apur bat eta diru mordo bat irabazteko.
Izan ere, pobre bizitzeko… horretarako daude kazetariak.
Nekatutak ikuskizuna
Nekatutak izeneko ikuskizunean, Antton Telleria zuzentasunaren mugak esploratzen saiatuko da (ikuskizunaren izenetik hasita). Barre eginarazteko helburu bakar eta sakratuarekin, «delikatuak» izan daitezkeen zenbait kolektibo aipatuko ditu: Psikologoak, ETA, Ertzaintza… eta, nola ez, polemikoenak: Irakasleak.