Garapen atipikoko haurren ikasketei buruzko udako ikastaroa eginen dute irailaren 17an eta 18an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 15a, 20:00
2019an Lesakan. egindako ko EHUko Uda ikastaroan parte hartu zuten hizlarietako batzuk.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Uda Ikastaroen barne, Garapen atipikoko haurren ikasketak hezkuntza-inguru elebidun (edo eleaniztun) batean izeneko ikastaroa eskainiko du irailaren 17an eta 18an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Bortzirietako Guztiok elkartea, Elebilab, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Lesakako Udala dira ikastaro honen laguntzaile. Izena eman daiteke www.uik.eus webgunean.

Uda Ikastaroak hizkuntza garatzeko arazoak dituztenengan jarriko du arreta batez ere, eta bereziki haur hezkuntzatik lehen hezkuntzarako trantsizioan. Ikastaroak iraunen duen bi egunotan hizkuntza-arazoak dituzten haurren familiek beren bizipen eta eskarmentua partekatu ahal izanen dute hizkuntza-arazoak dituzten haurren hezkuntzaren erronkarekin jakinmina duten hainbat arlotako profesional, ikertzaile eta ikaslerekin.

Lehen eguneko sarrera-hitzaldiaren ondoren hizlari  banaka edo binakako hitzaldiak izanen dira, eta baita mahai-inguru  labur  bat ere, alderdi eta esperientzia konkretuei buruzkoak. Bigarren egunean garapen ez-ohikoa duten haurren hezkuntzarako garrantzizkoak diren hainbat gai sozio-sanitario eta hezkuntzakoak jorratuko dituzte. Aitzineko saioetan zehar ikasitakoa praktikatzeko aukera emanen duen tailer batekin bukatuko da ikastaroa.

Hitzaldi batzuk gaztelaniaz, eta bertze batzuk euskaraz izanen dira. (ikusi eta irakurtzeko euskarriak bi hizkuntzatan, ahal den neurrian). Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak irakasleen etengabeko prestakuntza gisa ere baliozkotzea eskatu dute.

Helburuak

Haurren hizkuntza-garapenaren inguruko ikerketen emaitzen eta ezagutzen zabalkundean laguntzea da ikastaro honen helburu nagusia, baita haiek eskola barreneko ikaskuntzan duten garrantzia kontzientzia hartzea ere. Modu berean, osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen alorreko ikertzaile eta profesionalak harremanetan jarri nahi dituzte, baita ikasleekin eta garapen ez-ohikoa duten haurren familiekin ere, esperientziak eta hezkuntza-programak elkarren artean parteka ditzaten.

Familiei babesa eskaintzea, formakuntza eskainiaz. Pediatrak eta osasun arloko profesionalen formakuntzan laguntzea, bereziki gizarte elebidun eta eleanitzetako hizkuntzaren garapenaren inguruko gaietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun