Nafarroako txinga-eramate txapelketa nagusitasunez irabazi zuen larunbatean Etxalarren Xanta Sousa lesakarrak. 31 plaza egin zituen. Bigarren postua Esti Gastearena sunbildarrak eskuratu zuen (25 plaza eta 1,30 metro) eta hirugarrena Nerea Sorondo beratarrak (11 plaza eta 3,30 metro). Nafarroan bere hamargarren txapela du Xanta Sousak eta Euskal Herrikoan ere bortz irabaziak ditu.
Gizonezkoen Iosu Marturet txapeldun
Gizonezkoen Nafarroako txinga-erute txapelketan Iosu Marturet antsoaindarra izan zen txapeldun hamar plaza eskasekin (9 plaza, ¾ eta 5,12 metro), Imanol Martin berriozartarraren (8 plaza, ¾ eta 2,65 metro) eta Josu Elizalde beteluarraren (4 plaza eta 6,30 metro) aitzinetik. 50na kiloko txingekin aritu ziren.
Nafarroako eta Euskal Herriko txapeldun eta errekorraren jabe
Xanta Sousa 2007an hasi zen txinga-erutean konpetitzen. 2007an, 2008an eta 2010ean bigarren izan zen Nafarroako txapelketan, baina 2011n lortu zuen lehen txapela eta geroztik Nafarroan jokatutako guztiak irabazi ditu. Iaz ez zen txapelketarik egin. Euskal Herrikoan ere 2011n irabazi zuen lehen txapela eta bertze lau irabaziak ditu. Tartean, Euskal Herriko errekorra hobetu du pare bat aldiz, bai ofiziala, 25na kiloko txingekin (2014ko ferietan Lesakan 50 plaza eta 17 metro egin zituen, 1.417 metro eta bi urte beranduago, Arabako Eltziegon Euskal Herriko txapela irabazi zuenean 55 plaza, 1.540 metro), baita 50na kilokoekin ere (6 plaza eta erdi egin zituen 2016an Azpeitian).