Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana abiatu du Lesakako Udalak ere

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 24a, 17:00
Lesakak %40 murriztu nahi du CO2aren isurtzea 2030erako.

Udal eraikin eta instalazioetan, bizitegietan eta etxeko hondakinetan % 40 murriztu nahi da CO2aren isurtzea

Nafarroako 154 udalerrik Klima eta Energi Jasangarriaren aldeko Alkateen Ituna sinatu dute. 18 plan paratuko dituzte martxan Nafarroako eskualdeetan, haien artean Bidasoan. Lesakako Udalak ere sinatu berri du ituna eta hori burutzeko lanak martxan jarri ditu.

Europako Batasunak 2030erako ezarritako helburuak betetzen laguntzeko, neurriak prestatzen eta aztertzen hasi dira. Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziak abiatu du plana.

Udalen eraikin eta instalazioetan, bizitegietan, etxeko hondakinetan eta garraioan (Iruñerrian) CO2aren isurtzea %40 murriztea du helburu planak, 2005eko datuak oinarritzat hartuta. Honez gain, klima-aldaketak udalerrietan eragin ditzakeen arrisku eta ahultasunen azterlana ere eginen dute, eta erantzunekin egokitzapen-estrategia bat prestatu neurriak ezartzeko.

Herritarren parte-hartzea garrantzitsua izanen da prozesu honetan, itunaren erabaki eta konpromisoek udaletako teknikarien, politikarien eta herritarren ekarpenak jaso beharko dituztelako.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun