Maila mantentzea izanen da lesakarren helburu nagusia eta aurten ez da batere xamurra izanen helburu hori lortzea, inoiz baino zailagoa behar bada. Izan ere, 2022-2023 denboraldirako hogei taldetik hamaseira murriztu beharko dute kategoria nahitaez eta, ondorioz, sei edo zazpi talde jautsiko dira. Sailkapenaren goitiko aldeari begira, lehenbizikoak lortuko du RFEF bigarren mailara igotzea eta hurrengo lauek, bigarrenetik bosgarren postuetara sailkatutakoek, igoera promozioa jokatuko dute.
Mastegin hirugarren mailako lehen partida irailaren 12an
Durangon jokatu ondotik, Mastegin lehen aldiz hirugarren mailako partida bat ikusteko aukera izanen da irailaren 12an. Azkoitiko Anaitasuna izanen da bisitari, Gipuzkoako Ohorezko mailan aunitzetan Beti Gazteren arerio izandako taldea. Hirugarren jardunaldian (irailak 15, asteazkenarekin) berriz ere Bizkaira bidaiatu beharko du Beti Gaztek, Urduliz Futbol Taldearen kontra jokatzera. Irailaren 19an Leioa hartuko du Mastegin eta iraileko azken partida, irailaren 26an, Tolosan jokatuko dute.