Gotzon Arenas

«Arantzan nagoenetik ikasi dut behar bezala euskaraz»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 21a, 08:00

Gotzon ARENAS SALAZAR, Arantzan bizi den Algortakoa

«Amama euskalduna» eta «etxean euskal kulturarekiko atxikimendua» izanagatik Gotzon Arenas Salazarrek (Algorta, Bizkaia, 1968) ez zuen ikasi euskaraz. «Etxean eta lagunartean erdaraz» egiten zutela dio, baina euskara ikasi nahiak lehenbizi euskaltegietara eta gero barnetegietara eraman zuen. Gaur egun, ederki aski barneratua du euskara.

Hutsetik hasi zinen euskara ikasten?

Bai. Amaren aldeko amama euskalduna zen, Markinakoa (Bizkaia), eta etxean beti izan da euskal kulturarekiko atxikimendua. Baina nire amak ez zuen ikasi eta guk ere ez. Eskolan Euskara ikasgaia izaten genuen eta kopiatuta gainditzen nuen.

Eta zergatik erabaki zenuen ikastea?

Inguruan euskal kulturarekiko atxikimendua bazela ikusten nuen, eta ikastolako kuadrillekin eta jende euskaldunarekin elkartzeko joera nuen. Nik ere euskara ikasi nahi izan nuen eta asmo horrekin euskaltegian hasi nintzen, baina hasiera hartan hasi eta utzi ibili nintzen. Bizpahiru urte egin izanen nituen horrela, hasi, utzi, berriz hasi… Euskaltegian euskaraz egiten nuen, baina kanpoan lagunartean eta familian erdaraz. Gehiago egin nahi nuen eta nire kabuz barnetegietan izena eman nuen. Liburutegian nintzela, aldizkari batean Arteako (Bizkaia) barnetegiko iragarki bat ikusi nuen eta deitu eta izena ematea erabaki nuen. Bi urtez joan nintzen Arteara, eta hirugarren barnetegia Arantzan egin nuen, 1999an.

«Barnetegia baino astebete lehenagotik erran zidaten Arantzara etorri behar nuela. Ez nuen ideiak ere non zegoen»

Zergatik Arantza?
Ikasleak mailaren arabera banatzen zituzten, eta hasiera batean, Adunara (Gipuzkoa) joatekoa nintzen. Astebete lehenagotik erran zidaten Arantzara etorri behar nuela. Ez nuen ideiarik ere non zegoen. Algortatik lau lagun etorri ginen. Horietako bat Oiartzunen utzi eta bertze hirurak Arantzara abiatu ginen, Agiñan barna Lesakara, gero Igantzira eta halako batean Arantzara. Hura zer arraio ote zen pentsatu genuen (kar, kar, kar).

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Hagitz ona. Irakasleekin eta ikasleekin hagitz ongi moldatu ginen, kristoren giroa genuen. Gainera ia-ia egunero parranda egiten genuen baina hurrengo egunean 09:00etarako klasera joaten ginen.

Eta halako batean Arantzan gelditzea erabaki zenuen…

1999ko lehenbiziko hamabortzaldian izan nuen barnetegia eta bigarren asteko ortziralean herritarrekin afaria egin genuen. Besta hartan ezagutu nuen gaur egun nire bikotekidea dena, Idoia, aranztarra. Igandean Algortara joatekoa nintzen eta hantxe joan nintzen, baina aste bat egin nuen han; bueltan uda osoa pasatzera Arantzara etorri nintzen. Gero berriz Algortara joan nintzen, futbolean jokatzera. Futbolarengatik astakeria handiak egindakoa naiz, baina urte hartan, denboraldi-aurrea egin eta lesionatu nintzen. Ezin izan nuen futbolean ari eta astebururo-astebururo Arantzara etortzeko aukera izan nuen.

«Arantzara etorri aitzinetik gure maila ez zen bertze mundukoa. Barnetegian bi astez euskaraz indioak bezala solas egiten genuen»

Noiztik bizi zara Arantzan?

Hasieran asteburuetan etortzen nintzen  eta 2000an bizitzen gelditu nintzen. Eta dudarik gabe, Arantzan euskaldundu naiz. Honat etorri aitzinetik gure maila ez zen bertze mundukoa. Barnetegian bi astez euskaraz indioak bezala solas egiten genuen, baina ikasi-ikasi Arantzan egin dut, hizkuntza erabilita. Hori da hizkuntza bat ikasteko bidea. Hori bai, pena dut hika ez ikasi izana. Bere garaian pixka bat hasi nintzen baina ez dut pausoa eman, eta hemen Arantzan hika aritzeko aukera izanen nuke…

Aldaketa handia izan zen Algortatik Arantzara etortzea?
Bai, bai. Algortak 20.000 biztanle ditu... Herri bat da baina hiri bat bezala. Jende gehiago sumatzen da, mugimendua, dendak, trafikoa… Hemen, Arantzan, lasaitasun ederra dugu.

Euskarak ateak ireki dizkizu?

Bai, bai. Egunerokoan euskaraz bizi naiz eta lanean ere zorionez gehienetan euskaraz egiten dut.

«Ez da zaila euskara ikastea. Gustukoa eta nahi baldin baduzu ikasiko duzu»

Zaila izan zen euskara ikastea?

Zaila ez. Gustukoa eta nahi baldin baduzu ikasiko duzu, gehiago edo guttiago kostako zaizu, baina ikasiko duzu. Inguruak ere aunitz egiten du, ez baita gauza bera Arantzan edo Algortan bizitzea. Nik Algortan ez nuen euskaraz aritzeko aukerarik izaten.

Anekdotarik edo baduzu?

Barnetegian aunitz ikusitakoa naiz bai, baina euskararekin loturarik ez duten kontuak dira… (kar, kar, kar) Gainerakoan, Arantzan karrikara edo ostatura joandakoan, gazteak hika sumatzen nituen, batzuk euskara itxiarekin, eta puf! hasieran ezinezkoa zen ulertzea. Edo Idoiaren aita lagunartean mahaiaren bueltan hika eta baserriko kontuez solasean sumatzean ere, ez nuen deus ere ulertzen. Hura swahilia zela iruditzen zitzaidan. Gero, ordea, Arantzatik atera eta adibidez, Lesakara Beti Gazterekin futbolean aritzera joaten nintzenean, ez nuen ulertzeko arazorik izaten, baina Arantzan aldea nabaritzen nuen.

Zer sentitzen duzu euskaldun zaharrak erdaraz sumatzen dituzunean?
Nire Algortako kuadrillan badira euskaraz dakitenak, baina erdaraz solas egiten dute eta pena da... Arantzan eta inguruan beti euskaraz sumatzen dut jendea.

«Ni Ingalaterrara joaten banaiz, eta han integratu nahi badut, zer eginen dut? Ingelesa ikasi. Eta hemen gauza bera»

Eta zein mezu luzatuko zenieke hemen inguruan bizi diren erdal hiztunei?

Ni Ingalaterrara joaten banaiz, eta han integratu nahi badut, zer eginen dut? Ingelesa ikasi. Eta hemen gauza bera. Badira hemen bizi arren inorekin harremanik ez dutenak, eta eurek dira pausoa eman behar dutenak. Nahi bada posible da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun