Irailaren 4an eginen da Berako VII. Gau Krosa

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 16a, 12:00

Manttale mendi lasterketa taldeak jakinarazi du zabalik dagoela Berako VII. Gau Krosean izena emateko epea. Irailaren 4an, 22:00etan hasiko da Merkatu plazatik eta Covid protokoloa jarraitu beharko dela erran dute antolatzaileek.

7,4 kilometroko ibilbidea eta 300 metroko desnibel positiboa izanen du lasterketak. Gehienez ere 200 lagunek hartu ahal izanen dute parte eta izen ematea zabalik dago. Ibilbidea seinaleekin eta boluntarioekin ongi markatuta egonen den arren frontala derrigorrezkoa izanen da parte hartu ahal izateko, antolakuntzak ez baititu bere gain hartuko frontalik ez daukan partaideari gertatzen ahal zaizkion ezbeharrak.

Altzateko merkatu plazan hasi eta bukatuko da gau krosa. Ikusleek ezinen dute Merkatu plazako irteera eta helmuga gunera sartu eta parte-hartzaileek musukoa paratu beharko dute lasterketaren aurretik eta ondoren.

Gizonezkoen eta emakumezkoen lehen hiru sailkatu absolutuentzako sariez gain, bi kuadrilla onenentzako ere sariak egonen direla erran dute Manttaletik. Kuadrillak lau korrikalarik osatuko dituzte, gutxienez emakume bat egon beharko da, eta talde bakoitzeko lehenengo hiruek puntuatuko dute, baina lauek helmugara iritsi beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun