Herriko besten faltan, hainbat kultur ekitaldi eginen dituzte Arantzan

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 10a, 08:00
Aurten ere ez da bestarik izanen Arantzan.

Iaz bezala, aurten ere ez da herriko bestarik izanen Arantzan. Hala ere, urte sasoi honetarako kultur jarduerak antolatu ditu udalak.  Abuztuan izaten dira besteak eta data hauek probestuz, kultur ekimen batzuk izanen dira abuztuaren 13tik 15era.

Asteburua abiatzeko, abuztuaren 13an, Bankako Menditarrak-en kantaldia izanen da plazan. Biharamunean, abuztuaren 14an, herri kirol saioa izanen da: emakumezkoen Nafarroako arpana txapelketaren eta gizonezkoen bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketak jokatuko dira. Hitzordua, 17:00etan izanen da frontoian. Ondotik, 19:30ean plazan, bertso saioa izanen da Sebastian Lizaso, Amaia Agirre, Ekhiñe Zapiain eta Sustrai Colinarekin.

Aste hondarra borobiltzeko, abuztuaren 15ean, alde batetik pilota partidak izanen dira frontoian, eta bertzetik, ilunabarrean, 20:00etan Txamukos taldearen emanaldia izanen da plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun