Txupinazorik ez dute bota eta besta ofizialik ez dute ospatuko aurten Beran, baina normalki bestak hasiko liratekeen tenorean, abuztuaren 2an, astelehen eguerdian, duela hiru urte lehen suziria pizteko aukera izan zuten 1936ko gerran eta ondorengo urteetan izan ziren errepresaliatu beratarrei omenaldi xume bat eskaini die Berako Udalak.
Lehenik, txalaparta doinuak aditu dira Herriko Etxeko Plazan, Oskar Goñi eta Amaiur Goñi aita-semeen eskutik. Ondotik, Aitor Elexpuru alkateak hartu du hitza. Bigarren urtez bestarik ez dela izanen gogoratu ondotik, «duela 85 urteko egoera makurragoa» zela aipatu du: «Uztailaren 18an izan zen errepublikaren kontrako altxamendua, eta uztailaren 21ean iritsi ziren indar matxinatuak Berara. Ordurako hainbat herritar, gizonezkoak gehienak ihesi joanak ziren, ezkertiarrak, sindikalistak, hautetsi aurrerakoiak, karabineroak…Gizonekoak joan ziren baina emakumezkoak hemen gelditu ziren beraien haurrak eta familiak zaintzen. Eta orduan gertatu zen, inoiz gertatu behar ez zuen gertakari lazgarria. Plaza honetan bertan, gaur bezalako egun batez, orain dela 85 urte. Bando bidez ihes joandako aita horien emazte eta haurrak plaza honetan bildu zituzten. 20 bat familia orotara, eta hiru aukera eman zizkieten: frantziara, gipuzkoara edo harrobira fusilatzera. Ez zegoen besta girorik, beldurra, sufrimendua eta samina ziren nagusi». Atxilotua, espetxeratuak eta fusilatutakoak gogoratu ditu alkateak, baita gertakari haiek gogorarazteko lanean ari direnak. Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu zituen, «memoriaren etsaia ez baita denbora, isiltasuna baizik»
Aurreskua eta lore-eskaintza
Ondotik, Kattalin Berasain eta Mikel Esnaola dantzariek Aurreskua dantzatu zieten Herriko Etxeko Plazara hurbildutakoei, Asier Osesek txistua jotzen zuen bitartean.
Nahia Senperrek ere aurten hil den Karmentxu Aldazabal amonaren oroitzapenean eskutitz hunkigarria irakurri zuen. Hain zuzen, Karmentxu zen duela 85 urteko gertakarietatik gelditzen zen bakanetakoa eta urtarrilean hil zen.
Ondotik, Kattalin Berasain eta Mikel Esnaola dantzariek Aurreskua dantzatu zieten Herriko Etxeko Plazara hurbildutakoei, Asier Osesek txistua jotzen zuen bitartean.
Ondotik, lore-eskaintza egin zen Herriko Etxe atarian “gerrako ahantziei” egindako eskulturan. Mikel Iriarte Antxorenak egindako eskultura da eta 2018ko azaroaren 18an inauguratu zen. Azkenik, Estitxu Pinatxok abesti hunkigarria kantatu zuen.