Errespetuan oinarritutako herriaren zaintza aldarrikatu dute Berako eragileek

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 30a, 08:00

'Bera zaindu dezagun' elkarretaratzea egin zuten ortzegun arratsaldean Herriko Etxeko Plazan

Bera, gure herria zaindu dezagun lelopean herriko hainbat eragile (koadrilak, kultur eta kirol taldeak, ikastetxeak, ostalariak, dendariak, udal ordezkariak...  elkartu ziren uztailaren 29an, ortzegun arratsaldean Herriko Etxeko Plazan. Agerraldi honek helburu bat zuen: «Beratar garen aldetik, gure herriaren zaintza aldarrikatzea, beti errespetuan oinarrituz. Gurea delako, denona delako». 

Bateratutako adierazpenean aipatu zutenez, «azkenaldi honetan jarrera desegoki batzuk gertatu dira gure herrian. Behin baino gehiagotan gainera. Kontenedoreak errekan, mobilirio urbanoan txikizioak, trafiko seinaleak txikituak, espazio publikoen erabilera desegokia (kirol instalazio, haur parke eta lorategi publikoetan kalteak, zaborra non-nahi eta abar.....). Komunikabideetan agertu da gure herria kontu honegatik eta auzo lotsa ere sentitu dugu».

Arazoa orokorra dela ere jakinarazi dute, «adin guztietako pertsonek burututako zabarkeriaz ari gara. Baina zorionez badakigu gutxiengo baten jarrerak direla hauek. Herritarron gehiengoa hemen dago ordezkatua eta bizikidetzaren kontrako portaera hauen aurrean planto egiten dugu».

Berako eragileek adostutako adierazpenak dioenez, «gure herria zaindu nahi dugu, ondare publikoa alegia. Gure herria zaintzea, errespetuz jokatzea da, norbere buruarekiko eta bertzeekiko ere. Osasuna, herri ondarea, tokiko ekonomia, harremantzeko modu egokiak, parranda egiteko moduak eta abar dira zaindu behar ditugunak. Ziur gaude gainera, zaintza aktibo honek zentzu gehiago hartzen duela bizi dugun ziurgabetasun egoera honetan. Elkar zaintzeak gizarte hobeago bat izaten laguntzen digu, eta herri kohesioan laguntzen ere. Komunitate eta kolektibotasuna landu nahi ditugu. Sortu eta eraiki nahi dugu, ez txikitu edo suntsitu».

 

Bortzirietan lanketa bateratua

Herriko gizarte eta kultur eragileak ez dira geldirik egotekoak eta uztailaren 13an egin zen “Bera zaindu dezagun” bilera hark lehen fruituak ematen ari da, eta ortzeguneko agerraldi hau da horren adibide. Hainbat proposamen egin ziren eta poliki poliki martxan jarriko dituztela jakinarazi zuten. Bortzirietan abiatu dute lanketa, erantzun bateratu bat emateko. Sentsibilizaziorako bideoa bat prestatuko dute adibidez.

Elkar lana ezinbertzekoa dela uste dute, «inor ez dago soberan. Denen beharra dugu egitasmo honetan: gurasoak, familiak, haur, gazte, helduak, ikastetxeak, gizarte, kultur eta kirol eragileak, adiministrazioa, herri hau egiten eta eraikitzen aritzen garen guztiak. Herriaren bizkarrerzurra alegia».

Jakitun dira «bidea ez da erraza izanen ezta laburra ere. Hau ez da egun batetik bertzera aldatuko. Jakitun gara gizarte bezala ditugun gabeziez, baina saiatzea bertzerik ez zaigu gelditzen, herri honetaz harro gaudelako, eta azken aldian ikusi ditugun argazki ilun horiek ez dutelako herri honen benetako izatea irudikatzen».

Abuztua gainean izanik, gizarte eragileek gogoratu dutenez, «egun bereziak heldu dira beratarrontzat. Erranahi eta sentimendu anitzeko egunak, baina ez-ohiko egoera batean. Agian “ez dira betiko garai onenak”, kantak zioen bezala, baina errespetuz joka dezagun, gure buruak eta bertzeenak zainduz, modu horretan bizi garen herria ere zainduko dugulako».

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun