Berako VI. Balkoi lehiaketako sariak banatu ditu Larun Haizpe elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 29a, 09:00

Herria bortz gunetan banatu eta bakoitzean sari eta aipamen bana eman du

Gure herria, lorez betea goiburupean beratarrei balkoiak apaintzeko eta zaintzeko deia eginez, aurten seigarren edizioa bete duen balkoi lehiaketa antolatu du Larun Haizpe Berako zerbitzu, merkatari eta ostalarien elkarteak, Berako Udalarekin elkarlanean. Uztailaren 1etik 15era elkarteko hiru kidek eta udaleko bik osatutako epaimahaia herrian barna ibili da eta uztailaren 28an egindako ekitaldi xumean banatu dituzte sariak.

Bera herria bortz eremutan banatu dute: Altzate; Legia, Kanttonberri eta Eztegara; Bera; Agerra eta baserriak (Garaitarreta, Eltzaurdia, Suspela, Suspelttiki eta Zalain). Gune bakoitzeko saritu bat (bi lagunentzako afaria elkarteko jatetxe batean) eta aipamen bat (Larun Haizpeko kideen produktuez osatutako lotea) izan dira. Honela, Altzaten, sari nagusia  Telletxea etxearentzat izan da eta aipamena Arozamena-Iturralde familiarentzat; Legia-Kanttonberri-Eztegarako saria Pikabea-Goienetxe familiarentzat izan da eta aipamena Eltzaurdia-Ugalde familiarentzat; Berako saria Errandonea-Altzuri familiarentzat izan da eta aipamena Iratzoki-Erkizia familiarentzat; Agerrako saria Errandonea-Altzuguren familiarentzat izan da eta aipamena Apeztegia-Telletxea familiarentzat eta baserrietan, saria Begilekuko Saharrea-Martikorenarentzat eta aipamena Etxetxipiko (Itxaspi) Maria Jesus Agirrerentzat.

Kanttonberriko lorategia bere borondatez txukun mantentzeko Bittori Apeztegiak egindako lana ere saritu zuten Larun Haizpe elkarteak eta Berako udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun