Arantza, Bera, Etxalar eta Igantziko udalaren oharrak dioenez, «egia da udala agintari gorena dela, eta, beraz, herriaren kudeaketari dagokionez erantzukizun haundiena duela. Egia da, gainera, horretaz gain, bakoitzaren erantzukizun indibiduala dagoela, non zorionez funtzio publikoa ez den iristen, betiere delitu diren ekintzez hitz egiten ez badugu».
Sinesmen, iritzi edo gertatzen ari dena ulertzeko moduaz haratago, udal ordezkariek uste dute «badagoela errealitate ukaezin bat, eta horri kolektiboki aurre egin behar diogula. Norbaiti zerbait hobea bururatzen bazaio, aurrera pauso bat egin dezala».
«Erantzukizun indibiduala, ez indibidualismoa»
Arantza, Bera, Etxalar eta Igantziko udal ordezkarien erranetan, «udalak ordezkatzen ditu bere bizilagunak, batzuetan asmatuz eta agian bertze batzuetan ez. Herriaren interesak kudeatu, administratu eta zaintzen ditu, beraz, legitimoki eman zaion autoritatea du. Batzuek uste dute autoritate hori modu sendoagoan erabil daitekeela. Guk uste dugu bidea bertze bat dela. Heziketarena, etikarena eta erantzukizun indibidualarena. Ez indibidualismoa».
Bortzirietako udal ordezkarien ustez, «denok jabetzen gara jasaten ari garen ondorio sozial, kultural eta ekonomikoez. Horiek oraindik nabarmenagoak egin dira egun hauetan, eta gure antolakuntzaren, konpromisoaren eta gaitasun kolektiboaren menpe egonen da egoera hau ahalik eta lasterren gainditzea» eta uste dute horretarako gai direla bortziritarrak.