Energia-eraginkortasun handiko Babes Ofizialeko zortzi etxebizitza eraikitzen hasiak dira Beran

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 27a, 08:00

Berako Kaxernagaina-Suspelttiki inguruan hasiak dira Babes Ofizialeko zortzi etxebizitzak eraikitzen.

Nasuvinsaren Kaxernagaina-Suspelttiki inguruko sustapena 2022. urtearen erdi aldera esleituko dute, Nafarroako Gobernuaren etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldaren bitartez

Nasuvinsa sozietate publikoa Beran hasi da Babes Ofizialeko 8 Etxebizitza (BOE) eraikitzen, alokatzeko; Nafarroan eraikitzen ari diren ekimen publikoko altuerako lehen eraikinetako bat da, eta egitura moduan zura erabiliko dute. Inbertsioa, guztira, 1,2 milioi eurokoa da. 

Berako sustapena Nafarroako Gobernuak bultzatutako Navarra Social  Housing planean sartzen da, eta, bertan, babestutako 524 etxebizitza berri jasotzen dira lehen fasean (gehienak gauzatzen ari dira). Kontsumo ia Nuluko Eraikuntzako Europako ereduaren arabera proiektatuak dira, eta Passivhaus Classic energia-eraginkortasun handiko estandarrekin altxatuak. 

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitza Departamentuko kontseilaria den Jose Maria Aierdi kontent agertu da Nasuvinsaren bizitegi-proiektu berri hau gauzatu delako; «Nafarroa osoan parke publikoa alokairu-erregimenean eta arrazoizko prezioetan zabaltzeko konpromiso programatikora gerturatzen gaitu, batez ere gazteen eskaria artatze aldera», adierazi du. 

Navarra Social Housing foru-plana laster zabalduko dutela ere iragarri du Aierdik, bigarren fasea martxan jarrita, eta, era horretan, eraikuntza berriko alokairu-eskaintza bikoiztu ahal izango dute. Ekimen publiko nahiz pribatuko sustapen berriak egingo dira, eta, horretarako, lankidetza-esparru berria bultzatuko da Udalekin eta sektoreko enpresekin. 

3 eta 2 logela 

918 metro koadroko partzela hartzen dute etxebizitzek, zehazki, Kaxergagaina-Suspelttiki inguruan, eta hori gauzatzeko lanak Construcciones Diaz Garcia SL enpresari esleitu zizkion Nasuvinsak, 1.299.800 eurotan.

Proiektua Joaquín Lizasoain Urcolak eta Mikel Sagarminaga Ayastuyk osatutako arkitektura-taldeak idatzi du. Obren zuzendaritza fakultatiboaz Joaquín Lizasoain eta BAAJ Arquitectura arduratuko dira. 
Bi arkitektoek irabazi zuten Nasuvinsak 2018ko irailean Berako exekuzio-proiektua idazteko deitutako proiektuen lehiaketa; hain zuzen ere, Haika izeneko proposamena aurkeztu zuten. 

Babes Ofizialeko zortzi etxebizitzak 2022ko erdi aldera bukatuko dituzte, eta, ondotik, Nafarroako Gobernuaren etxebizitza babestuaren eskatzaileen errolda bakarraren bidez entregatuko dituzte. Errolda hori Nasuvinsak kudeatzen du, eta interesatuta dauden pertsonek aurretik izena emanda egon behar dute bertan. 

Etxebizitzen azalera eraiki osoa 84 eta 102 metro koadro artekoa da, eta, horietako bost hiru logelakoak eta beste bi 2 logelakoak dira. Etxebizitza guztiek bi komun eta kanpoko balkoi/terraza dituzte, esekileku eta guzti, egongelatik eta sukaldetik sarbidea dutela. 

Itxura hau hartuko dute etxebizitzek.

 

Garajea eta trastelekuak 

Eraikinak sotoa, behe solairua, bi solairu eta estalkia ditu, eta 8 trasteleku eta 10 garaje-plaza ere bai, horietako 8 sotoan eta gainerako 2 behe solairuan.

Sotoak argiztapen eta aireztapen naturala ditu arrapalan eta okupazioaren barrenean. Atariaren behe aldean, instalazioen lokalak daude eta aparkaleku-plaza bakoitzaren atzealdean trastelekuak. 


Hormigoi armatuzko egitura erabiliko da lurpeko oinplanoa egiteko, eta horren gainean goiko solairuen zurezko egitura altxatuko da; estalkian  teilak jarriko dira. Eraikinaren eraikuntza-elementu guztiek isolamendu akustikoa dute. 

Berak bat egin du Nasuvinsaren proiektu aitzindariekin, eraikitzerakoan egurra erabiltzeagatik; esate baterako, Garraldan eta Entremutilvasen (Aranguren Ibarra) egun egiten ari diren bi eraikin bezala, 4 eta 39 BOE, hurrenez hurren, denak alokatzeko. 

 

Energia berriztagarria 

Eraikinak galdara zentrala eta aerotermia-sistema ditu etxebizitza bakoitzean, energia-iturri berriztagarria, energia aurrezteko indize altuarekin. 

Horrez gain, etxebizitza bakoitzeko aireztapen mekaniko kontrolatuko (AMK) ekipoa jarri da, fluxu bikoitzekoa, beroa/hotza bateriarekin. 

Teknologia berrien aldeko apustuak Nafarroako Gobernuak ingurumena babesteko nazioarteko akordioekiko duen konpromisoari erantzuten dio, erregai fosilak energia garbiekin ordezkatuta, CO2 isurpenak murrizteko eta klima-aldaketa geldiarazteko. 

 

Navarra Social Housing

Navarra Social Housing alokairuko etxebizitzen arloan erakundeek egindako apusturik handiena da, eta horren helburua da herritarrek etxebizitza duina eta kalitatezkoa eskuratzeko aukera izatea, oinarrizko eskubide gisa. 

Alokairu-plan honetan jasotako Babes Ofizialeko 524 etxebizitzaren zati handiena jada eraikitzen ari dira, eta 2022 eta 2023 urte artean entregatzea aurreikusten da. Inbertsio osoa 100 milioi eurotik gorakoa da, eta Inbertsioen Europako Bankuak (BEI), Nafarroako Gobernuak eta Navarra de Suelo y Vivienda sozietate publikoak (Nasuvinsa) finantzatzen dituzte. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun