Sanferminak eta gero balorazioa egin du Lesakako udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 26a, 07:00

Lehen lerroan lan egin duten medikuak, erizainak, zaintzaileak eta boluntario guztiak bereziki eskertu ditu Lesakako udalak.

322 pertsona kutsaturekin, Nafarroako 3. intzidentzia tasa izan dela gogoratu ondotik, datuen gibelean pertsona daudela eta arduraz jokatzeko deia egin du

Lesakako udalak balorazioa egin du San Fermin astearen inguruan. Oharrak dioenez, «bi aste joan dira San Fermin egunetik. Bi aste ero eta gogor, ez ditugu aisa ahantziko. 322 pertsona kutsatuak, 100.000 biztanleko 11.601 da intzidentzia tasa, Nafarroako 3. altuena. Badakigu ere Lesakako agerraldiarekin lotutako ospitalizatuak izan direla eta oraindik ere kutsatutako kasu berriak azaltzen ari dira».

Baina Lesakako udalak gogorarazi duenez, «horiek datuak dira bakarrik, gibelean pertsonak gaude. Eta guziok sufritu behar izan ditugu ondorioak. Aunitz kutsatuak, gehiago konfinatuak, eta batzuk ospitalizatuak». Egun hauetarako  programatuta zeuden kirol eta kultur ekitaldi guztiak bertan behera utzi behar izan dituzte, baita udalekuak ere. «Eta zenbait zerbitzu publiko itxi behar izan ditugu; hala nola, igerilekua, jubiloteka, kiroldegia eta frontoia. Hainbat ostatuk eta dendak ere ateak itxi behar izan dituzte eta lo egiteko erreserba aunitz bertan behera gelditu dira. Azpimarratu beharrekoa da haurrek pairatutakoa, ikastetxeetan urte zail baten ondotik, oporrak eta eguraldi ona ailegatu, eta etxean egon beharra denbora luzez. Gogorra da, herria triste eta ilun gelditu zaigu uda bete-betean», adierazi du udalak.

«Gogorra da, herria triste eta ilun gelditu zaigu uda bete-betean»

Udalak aho batez osoko bilkura batean bestak bertan behera uztea erabaki zuen, egoerak ez zuelako baldintza normaletan ospatzea ahalbideratzen. Alde horretatik, «argi eta garbi adierazi nahi dugu udal honek ez duela inolako ekitaldi edo ekimenik antolatu egun horietan. Eta izan diren ekimenak ez ditu babestu edo lagundu, ez zuzenean ezta zeharka ere».

Lesakako udalak dioenez, «denok badugu zertan hausnartu. Bakoitzak egiten duenaren ardura norberarena da, noski, baina ondorioak ez dira norberarengana bakarrik mugatzen. Ederki ikusi dugu. Hortaz, aitzinera begira, datozen asteetan, arduraz jokatu behar dugu hau berriz ez errepikatzeko. Guztion esku dago».

Oraindik osasungintzatik datozen aholkuak jarraitzea garrantzitsua dela ere ohartarazi du: pertsona ahulekin kontaktua ekidin, gizarte-elkarrekintzetan maskara erabili, jende pilaketak ekidin eta sintomarik izanez gero segidan autoisolatu eta osasun-zerbitzuekin harremanetan jarri.

Oharra bukatzeko, bere hurbiltasuna adierazi nahi die «egoeraren ondorioa gogor pairatu duzuen guziek: kutsatuak izan zaretenak, konfinatuak, haurrak, gazteak, helduak nahiz adinekoak. Denok osatzen dugu herri ttiki hau». Eta bereziki eskertu nahi dituzte «egun hauetan lehen lerroan lan egin duten medikuak, erizainak, zaintzaileak eta boluntario guziak. Biba zuek. Zaindu dezagun gure burua eta gure ingurua». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun