Zian eta Kaulen zakurren erasoak salatu ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 22a, 17:00
«Zakur erasotzaileak ez direla zakur abandonatuak» uste du Berako udalak.

Azken egunotan Berako Zia eta Kaule auzoetan zakurrek hainbat artalderi eraso egin diete. Baina lehendik ere izan dira erasoak eta arazoa hainbat baserritarrek sufritzen dutela eta «kezka eta ezinegona nabariak» direla salatu du Berako Udalak. Izan ere, «azken urtean hamarnaka ardi hil dira modu honetan, bertze batzuk desagertu eta bertze hainbat zaurituak utzi dituzte».

Alkateak aipatu dutenez, «sarri erasoak etxeko belaietan gertatu izan dira» eta pentsatzen dute «zakur erasotzaileak ez direla zakur abandonatuak. Hau da, jabeak dituztela, eta arratsetan beraien etxaldeetatik ihes egin eta erasoak egiten ibiltzen direla, triskantza egin ondotik beraien etxeetara bueltatzeko».

Zakur jabe direnek «beraien zakurrak gauez eta egunez zaintzapean eta kontrolpean» izan ditzatela eskatu du Berako Udalak eta oroitarazi du «mendira goazenean ere zakurra beti kontrolpean izan behar dugula, eta azienda den tokietan zakurra lotua eraman behar dela. Izan ere, mendian ere izaten baitira ardi erasotuak.

Berako Udalaren oharrak dioenez, «arazo larri baten aitzinean gaude, eta konpondu beharrean larritzen ari dela sumatzen dugu. Beraz, gure zakurrak kontrolpean izan ditzagun, honelakorik aurrerantzean gehiago gerta ez dadin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun