Materia organikoa birziklatzeko bosgarren edukiontzia martxan jarri dute Bortzirietako 4 herritan

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 19a, 10:00

Aste honetatik aitzinera Arantza, Bera, Etxalar eta Igantzik materia organikoa birziklatzeko bosgarren edukiontziak izanen dituzte.

 

 

Lesakan lehendik ezarrita zegoen materia organikoa birziklatzeko bosgarren edukiontzia eta aste honetatik aitzinera Bortzirietako gainontzeko lau herrietan paratuko dute. Bortzirietako 8.500 biztanleri emanen die zerbitzua eta etxean sortzen diren hondakinen % 45 biltzea ekarriko du.

Aurkezpenean Bera, Arantza, Etxalar eta Igantziko udal ordezkariek eta Bernardo Ziriza Nafarroako Lurralde Kohesiorako Kontseilariak hartu dute parte. Zirizak zerbitzu honen garrantzia nabarmendu zuen eta heldu den asteetan materia organikoa banatzeko sentsibilizazio kanpainak eginen dituzte.

Guztira 120 edukiontzi marroi jarriko dituzte materia organikoarentzat, herriguneetan dauden edukiontzien alboan jarriko dira. Sistema orain arte martxan zeuden konpostaje komunitarioko guneekin, etxeko konpostajearekin eta hondakinak sortzen zituzten zentro handietako bilketekin lotzen da. Horrela, materia organikoaren bereizketa biztanleria osora zabalduko da. Gaur egun, Bortzirietako Mankomunitatean sortzen diren bio-hondakin guztien %53 berreskuratzen da.

Bosgarren edukiontzia zabaltzeko, herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina bat egingo da datorren astean. Herritarrak atez ate bisitatuko dituzte, materia organikoa jatorrian ondo bereizteak duen garrantzia banan-banan eta banan-banan azaltzeko, eta 10 litroko ontzi marroia emango zaie hondakinak uzteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun