Altriman gogorrean zazpigarren postua eskuratu du Bixente Igarzabal lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 18a, 11:00
Bixente Igarzabal bere kategorian bizkorrena izan zen bizikleta gainean.

Beti Gazteko kirolaria bigarren izan da uztailaren 17an jokatutako ironmanean bere kategorian

Bixenet Igarzabal lesakarrak Altriman proba gogorra burutu du larunbatean. 14 ordu, 17 minutu eta 23 segundo behar izan ditu ironman berezi hau osatzeko eta meritu handiko zazpigarren postua lortu du sailkapen orokorrean. 50 urtez goitikoen kategorian bigarren izan da. Denera 284 kirolarik parte hartu dute eta horietatik 147k lortu dute bukatzea. 

Ohi bezala, 3.800 metroko igeriketa probaren ondotik dexente gibelean atera zen Igarzabal uretik. Ordubete, 19 minutu eta 51 segundo behar izan zituen eta 132garren postuan atera zen. Baina, beti bezala, bizikleta gainean egin beharreko zati gogorrean (198 kilometro luze, 5.200 metroko desnibel positiboarekin) aitzinera egin zuen lesakarrak (7 ordu, 11 minutu eta 33 segundo behar izan zituen eta zortzigarren izan zen) eta proba burutzeko lasterka egin beharreko maratoian, 42,2 kilometroetan, 4 ordu, 6 minutu eta bi segundo behar izan zituen (hemen ere zortzigarren izan zen).

Denera, beraz, 14 ordu, 17 minutu eta 23 segundo behar izan zituen Beti Gazteko kirolariak, zazpigarren sailkapen orokorrean eta bigarren bere kategorian. Gainera, bere kategorian denborarik onenak egin zituen bai bizikletan, baita lasterka ere.

Igarzabal kontent dago egindako probarekin, «karrera benetan polita atera zitzaidan» aipatu digu. Bere 28. Ironmana bukatu du lesakarrak eta Altriman zazpigarren aldiz egin du: «Lasterketa honek aunitz exijitzen dizu, baina trukean bertze inon sentitzen ez diren emozioak sentitzen dituzu», aipatu digu.

Igarzabal, lasterka egin beharreko zatian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun