Mikel Leiza Igarzabal

«Kuadrilla arteko apustua espero nuen baina gehiago izan da»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 18a, 10:00

Eskuinetik hasita bigarrena Leiza, helmugan.

Lagun arteko hirugarren apustua jokatu zuen joan den ekainaren 19an Mikel Leiza Igarzabalek. Orain, garaipenaz gozatu eta «uda lasai hartu» nahi badu ere, ondotik bertzeren bat etorriko denik ez du baztertu.

«Zaletasun gehiegi eta denbora gutti» du Mikel Leiza Igarzabalek (Lesaka, 1995). Txandaka, goizez aste batean eta arratsaldez hurrengoan, aritzen da lanean eta tarte libreak «motoan ibiltzeko, lagunekin egoteko, argazkiak ateratzeko, dronearekin grabatzeko…» aprobetxatzen ditu. Azken boladan entrenamenduak izan ditu lehentasun, ekainaren 19ko apustura begira egon baita. Egun horretan, Iker Iriartek botatako erronka onartuta, Lesakako plazatik Igantziko bentetara joan-etorria lasterka egin (13 km) eta plazan 20 kiloko karga hartuta Agiñako kaskora  goitu zen bikotea. Leizak bi ordu eta sei minutu behar izan zituen eta zortzi minutu gehiago Iriartek. Ikusmira handia eragin zuten apusturako egindako prestaketaz, egun handiaz eta etorkizuneko asmoez aritu da Leiza Ttipi-Ttaparekin.  

San Anton Egunean onartu zenuen erronka. Kontatu nola sortu zen apustua…

Urtero bezala San Anton Egunera joan ginen egun-pasa. Hainbat kuadrilletako gazteak elkartu ginen eta gero sagardotegian bazkaldu genuen. Trago batzuk gainean genituela, Ikerrek bota zidan erronka. Ordurako bolada bat zeraman apustua egin nahi zuela erranez eta onartu egin nuen. 

Ez zen erronka makala...

Aitzinetik, orain lau urte, antzeko apustu bat egina nuen Jon Erroren kontra. Orduko hartan Agiña kaskoan bukatu beharrean Banartan bukatu genuen, Bordatxo baserriaren ondoan. Hori baino handixeagoa egin nahian, ibilbide hori bera luzatu genuen. Hura irabazi nuenez, erronka bota zidan, hori gainditzeko edo. 

Noiz hasi zinen entrenatzen eta astean zenbatetan entrenatzen zenuen?

Apustua adostu bezala gimnasiora joaten hasi nintzen, baina serio martxotik aitzinera. Ordutik lasterka entrenatzen hasi nintzen. Astean hiruzpalau entrenamendu egiten nituen. Asteburuetan ez baina astegunez horri eusten saiatu naiz. 

Gogorra izan al da prestaketa?

Bai, hasieran nahiko lasai hartu nuen, garrantzi handiegirik eman gabe. Baina data hurbildu ahala geroz eta serioago hartu nuen. Azken asteburuetan besta egiteagatik gaizki sentitzen nintzen, nire alde apustu egina zutenengatik… eta banuen ailegatu eta egiteko gogoa.

Apustuaren eguna nola bizi izan zenuen?

07:00etan urduri ernatu nintzen, dutxa bat hartu nuen baina horrek ez ninduen lasaitu. Lasterketa hasi ondotik hasi nintzen lasaitzen eta egunaz gozatzen. Jende aunitz etorri zen, mugimendu haundia sortu zuen. Zahar eta gazte goiti-beheiti ibili ziren animatzen. Hagitz polita izan zen. 

«Egia erran uste baino hobeki ikusi nuen neure burua»

Mikel LEIZA IGARZABAL, Lesakako gaztea

Lorik egin zenuen?

Gauean lo egin nuen bai. Eskerrak lanetik nekatuta ailegatu nintzen… Ez pentsa, banuen beldurra!

Hasiera-hasieratik aitzin hartuta ibili zinen...

Hasieratik estutzen hasi nintzen, distantzia hartzeko aprobetxatu nuen eta gero hori kontrolatuz egin nuen aitzinera. Nire sentsazioaren arabera gehiago edo guttiago eman nuen.

Zubiraino elkarrekin joan zineten.

Berez nire asmoa berarekin joatea zen, nahiko parekatua izanen zela espero nuen eta. Nire helburua batera segitzea zen eta, sentsazioen arabera, gehiago ematea. Urduritasunagatik-edo agudo abiatu nintzen eta nire gorputza erritmo hori mantentzera behartu nuen. Argi nuen geldituz gero Ikerrek borrokatzen ahal zuela eta, beraz, distantzia hartzen hasi nintzen. 

Nola ikusi zenuen zeure burua?

Uste nuena baino hobeki. Astelehen horretan eskuineko hankan gainkarga izan nuen eta amari deitu behar izan nion trenbidera joateko ezin nuelako bukatu. Egia erran beldurra nuen. Lasterketa egunean, egin nituen prestakuntzekin, ongi eramaten saiatu nintzen eta sentsazio ona izan nuen, bai lasterka baita kargarekin ere. 

Eta Iker?

Hasieran beldurra eman zidan, nire erritmoa mantentzen zuela ikusi nuen, gogor ikusi nuen... Nik, egia erran, neure buruarekin ere sorpresa eraman nuen, erritmo horretan segitzen banuen leher eginen nuela uste nuen. 

Momenturen batean aldea ttikitzen eta hurbiltzen hasi zitzaizun… 

Plazatik abiatu ginenean nik lasaiago hartu nuen. Lehenbiziko maldara arteko puska lasterka egin nuen baina ondotik heldu zena buruan izan nuen... Ikerrek erritmo handian segitu zuen eta hor minutu bat guttitu zuen bion arteko aldea. 

Probaren bigarren zatia bereziki gogorra izanen zen… Zein momentu izan zen zailena zuretzat? 

Sagardotegiko malda hagitz luzea da eta hogei kilo gainean izanik hankek sumatzen dute. Nik uste horixe izan zela gogorrena. 

Ibilbide hori bera aunitzetan egin duzu? 

Ez, egia erran ez. Entrenamendu guztiak lasterka edo kargarekin egin ditut, biak batera ez. Kargarekin behin egin nuen, lagun batekin. Agiñara ailegatzeko gai nintzela ikusi nuen eta hortik aitzinera lasterka eta muskulua lantzen aritu naiz. 

Apustuaren ondotik sagardotegian bazkaldu zuen lagun taldea.

Zer nolako giroa izan zenuten apustuan? 

Kuadrilla arteko kontua izatea espero nuen baina hori baino gehiago izan zen, sorpresa handia hartu nuen. Zahar, gazte… euren kotxeekin eta bizikletekin bueltaka ikustea ez nuen espero. Hori hagitz polita izan zen... Agiñan ere mendi guztia jendez betea ikustea zoragarria izan zen. 

Nola bizi izan zenuen helmugako momentua? 

Lehiakide bakoitzak laguntzaile bat izan zuen, ni Jabier Maiarekin eta Iker Aimar Otxotekorekin aritu zen. Helmugara ailegatzen ari nintzela, aitzin hartu eta han egotea nahi nuela erran nion eta besarkada batekin ospatu genuen. Momentu ederra izan zen, jendea txaloka…

Halako aldearekin irabaztea espero zenuen? 

Egia erran ez. Parekatuagoa, borrokatuagoa, izanen zela espero nuen. Seinale ona izan da, gauzak ongi egin ditudala adierazten du. 

Sariren bat izan zen tartean, sorpresa eta guzti.  

Helmugara ailegatu ginenean erronka hasi aitzinetik atera genuen argazkia oparitu ziguten parte-hartzaile eta laguntzaileei, baita xanpain botila bana ere. Horrez gain, irabazlearentzat birziklatutako kopa bat prestatu zuten eta ‘Aker apustuko txapelduna’ paratu zioten boligrafoz. Horrek bereziki ilusio handia egin zidan, eta ongi gordea dut. 

«Azken apustuaz geroztik bertze erronkaren bat ailegatu zait»

Mikel LEIZA IGARZABAL, Lesakako gaztea

Apustua bukatu zen baina giroak segitu zuen…  

Bazkaltzeko izena emana genuen 40 lagunak poteoan bildu ginen. Sagardotegian bazkaldu eta 21:00 arte hortxe izan ginen. Gero, herrian afaldu genuen. 

Zer-nolako giroa izan zenuten mahai inguruan?  

Bozgorailu ttiki bat eraman genuen eta giro polita izan zen. Bazkaria irekia zen, Irungo eta inguruko batzuk etorri ziren, kuadrilla batzuetako jendea elkartu ginen eta giro ederra izan genuen. 

Aitzinetik ere apusturen bat jokatua zinela aipatu diguzu… Orduko oroitzapena ere horrelakoa duzu?  

Ordukoa kuadrilla artekoa izan zen. Ttikia eta hurbilekoa, ez zuen horrelako sonarik izan. Kasu honetan, jende aunitzek apustuak egin dituelako edo, gehiago zabaldu da. 

Bigarrenez txapeldun izan zara… Noizbait hirugarren bat egiteko gogoz gelditu zara?

Bi aldiz irabazi dut baina hiru apustu jokatu ditut guztira. Lehenbiziko apustua galdu egin nuen, lo hartu eta ez nintzelako agertu. Joel Oronozen kontra nuen, zortzi kilometro lasterka. Kuadrilla guztia agertu zen eta denak nire esperoan egon ziren… (irri artean).

Ea berriz ere erronka botatzen dizun…   

Hemendik luzatzen diot (irri artean). Egunean bertan bakarren batek bota zidan, baina badakizu, trago batzuk eginda… Beratik ere ailegatu zait proposamena baina orain uda lasai hartu nahi dut eta gero gerokoak. 

Bertzerik gehitu nahi duzu?   

Hemendik eskerrak eman nahiko nizkieke apustura agertu ziren guztiei eta, batez ere, nire alde apustu egin zutenei. Horiek izan dira egun polit hori posible egin dutenak eta entrenamenduetarako motibazio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun