Europar Batasunak 2030erako ezarritako helburuak betetzen laguntzeko, neurriak prestatzen eta aztertzen hasi dira. Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziak abiatu du plana, Nasuvinsaren unitate teknikoarekin eta Factor Ideas for Change aholkulari-taldearekin.
Udalen eraikin eta instalazioetan, bizitegietan, etxeko hondakinetan eta garraioan (Iruñerrian) CO2aren isurtzea %40 murriztea du helburu planak, 2005eko datuak oinarritzat hartuta. Honez gain, klima-aldaketak udalerrietan eragin ditzakeen arrisku eta ahultasunen azterlana ere eginen dute, eta erantzunekin egokitzapen-estrategia bat prestatu neurriak ezartzeko.
Herritarren parte-hartzea garrantzitsua izanen da prozesu honetan, itunaren erabaki eta konpromisoek udaletako teknikarien, politikarien eta herritarren ekarpenak jaso beharko dituztelako. Horretarako, gizarteak klima-aldaketari buruz duen pertzepzioaren inguruko inkesta abiatu dute, hemen eskuragarri.