Lesakako Udalak sanferminak bertan behera gelditu direla oroitarazi du

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 9a, 12:13
Sanfermin bezperan Lesakan positibo emandako bat baino gehiago izan zirela jakinarazi dute. Artxiboko argazkia.

Udalak herritarrei arduraz jokatzeko eta prebentzio neurriak zorrotz betetzeko eskatu die.

Lesakako Udalak, prentsa ohar bidez, Donezteben «positibo aunitz» agertzen ari direla eta «positibo emandako bat baino gehiago sanfermin bezperan Lesakan egon zirela» jakinarazi du. Hori kontuan hartuz, «ez da harritzekoa izanen hurrengo egunetan kutsatu gehiago agertzea».

Egunotan «lasaitu» eta «kasu aunitzetan prebentzio neurriak ez direla betetzen» ikusita, «arduraz jokatzeko eta prebentzio neurriak zorrotz betetzeko» eskatu du. Era berean, bestak bertan behera utzi zituztela oroitarazi nahi izan dute eta «azken egunetan bizi izan diren egoerek kezka handia» eragiten dutela azpimarratu nahi izan dute: «pandemia egoera larri baten aitzinean gaude eta herritarron osasuna babestea denon ardura da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun