Eztegarako frontoiaren erabilera desegokia salatu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 5a, 16:00

Pandemia dela eta, itxita egon da Berako pilotalekua hainbat hilabetez jendartearentzat, Covid protokoloak betetzen zituzten ekitaldi batzuengatik izan ezik. Duela aste batzuk berriz ere ireki zuten frontoia eta horrekin batera «arazoak heldu dira».

Garbitzaileak behin eta berriz kexatu direla jakinarazi du Berako Udalak, eta salatu dutenez, «zaborra non nahi zabaldua aurkitzen dute eta komunean paperontziak desagertu dira». Gainera, frontoi barrenean eta kantxan jendea bizikletarekin ibiltzen dela jakinarazi dute, «lohia eta zikina edonon zabalduz» eta hau pilotan aritu behar direnentzako kaltegarria dela adierazi dute «kantxa zikina egoten delako eta zolan kaltea eragiten duelako».

Jarrera hauek gaitzetsi nahi izan ditu udalak, «Eztegara frontoia kirol instalazio publikoa den aldetik, denoi dagokigu erabilera egokia egin eta zaintzea. Modu honetan herritar guztiek izanen dugu frontoi eder honetaz gozatzeko aukera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun