Otsailaren 20ko suteen ondotik, jendeak eskatuta, kontu korronte bat ireki zuen udalak herritarrek kalteei aurre egitera ekonomikoki lagun zezaten. 1.010 euro bildu dituzte guztira eta udalak zinez eskertu ditu egindako ekarpen guztiak.
Orain, diru hori Leandroren kantinako eta Alkozpako lepoko ixtegiak probisionalki konpontzeko erabiliko dutela jakinarazi dute. Berriak eraiki bitartean, burdinezko hamar ataka erosiko dituzte behin behineko ixtegia egiteko. Ondorengo egunetan esleituko dituzte lanak.
Azienda biltzeko ixtegiak konpontzeko eta ur baltsa berria egiteko 48.194,30 euro erabiliko ditu guztira udalak. Diru kopuru hau Nafarroako Gobernuak itzultzea espero dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak erran bezala. Lanak irailaren erdialdean bukatuko dituzte.