Gidariek drogetan positibo emateagatik, bortz auto ibilgetu dituzte Lesakako ez-sanferminetan

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 4a, 12:04

Lesakako «ez-sanferminen» kontura egin dituzten kontroletan eta gidariek droga-proban positibo emateagatik, Foruzainek bortz ibilgailu ibilgetu zituzten atzo. Gainera, bertze hiru gidari salatu zituzten gainean drogak eramateagatik (haxix, speed eta heroina), eta bertze bat txirrindulari bat aurreratzerakoan, autoaren eta txirrindulariaren arteko tartea ez errespetatzeagatik.

Foruzaingoaren bertze esku-hartze batzuk Urdazubin eta Donezteben

Urdazubin gizonezko bat atxilotu zuten atzo. Foruzaingoaren prentsa-oharrean ageri denez, atxilotuaren gain epaitegiak emandako atxilotzeko eta bertaratzeko agindua zegoen.

Asteburu honetan ere, Foruzaingoaren Ikerketa Kriminaleko Alorrari atxikitako agenteek, Urdazubiko baserri batean gertatu den heriotza judizial batean parte hartu dute. Mediku batek heriotzaren arrazoia zein den ez dakienean edo ezin badu heriotza ziurtatu, kasu horretan «heriotza judizial» bat dela kontsideratzen da.

Donezteben, aldiz, iskanbiletan, karrikako edanean, borrokaldietan eta hiri-altzariak hausten ari zirelako deitu zituzten foruzainak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun