Lesakako ez-sanferminetan kontrolak ugarituko dituztela iragarri du Foruzaingoak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 2a, 12:34

Goiko.

Asteburu honetatik aitzinera, Lesakako sarbideetan eta herrian kontrolak indartuko dituztela jakinarazi du. Bertzeak bertze, osasun araudia errespetatzen den behatuko dute eta horrekin batera, legez kanpoko kanpaldiak egiten diren ere bai.

Foruzaingoak adierazi duenez, Elizondoko komisariako arduradunek «hainbat bilera» egin dituzte Lesakako Udalarekin, eta «herriko agenteekin elkarlanean aritzeko jarraibideak» zehaztu dituztela erran du. Herrian barna ibiltzeko duten asmoaren berri eman du, «bereziki legez kanpoko kanpaldiak saihesteko».

Horrekin batera, «herritarren segurtasuna bermatu» nahi dutela aipatu dute, «deliturik, ekintza bandalikorik eta gizabidearen kontrako jarrerarik» ez izateko. Gisa berean, trafikoa ere kontrolatuko dute, eta «dokumentazioa, eta gidarien artean alkohola eta droga kontrolatuko» dutela erran dute, baita indarrean den osasun araudia betetzen den edo ez ere.

Azken aldian eskualdean «alkohola eta droga kontsumitzeko bildu izan diren hainbat talderen artean esku hartu» dutela gaineratu du Foruzaingoak. «Kale-zurrut horietan, herriko gazteez gain, inguruko herrietakoek ere parte hartzen dute, bai Nafarroakoek baita Gipuzkoakoek ere». Bertzetik, «azken aldian alkohol tasa altuarekin eta substantzia estupefazienteak hartu ondotik gidatzen duten gidariak ugaritzen» ari direla eta, «kezka areagotzen» ari omen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun