Hodei Unsion Mendigutxia

«Lasterketa bakoitza bakarra da eta ahal dudan guztiak gozatu nahi ditut»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 4a, 10:00

Astelehenetik ortziralera Botxo ostatuan sukaldari aritzen da Hodei Unsion Mendigutxia (Bera, 1996), eta asteburuetan eta denbora librea duen guztietan «saskibaloian aritzea, lagunekin egotea eta, batez ere kotxeen bueltan ibiltzea» du gustuko. Sukalde bazterreko berotasuna ez bada, motor artekoa izaten du lagun, eta tarte bakoitza aprobetxatuz, «bizitzaz ahalik eta gehien gozatzen» saiatzen da.

Lehengusua ikusita, probatzeko nahia

Motorra eta soinua, rallyak eta kotxeak, aspaldi sartu ziren Unsionen zaletasunen zerrendan: «egia errateko ez dakit noiz hasi nintzen horiei erreparatzen». Jakin badaki, ordea, bere lehengusuaren, «Iker Oteiza Tzopinen eraginez» izan zela. Lehengusua ikusteko aitzakia izatea bikaina izan da berarentzat, horri esker batetik bertzera ibili baita: «lehiatzen hasi zenean 4x4etan segitzen nion lehenbizi eta gero rallyetan».

Hari segika, aspaldian hasi zen rallyetara joaten Unsion: «gurasoekin joaten nintzen lehenbizi eta lagunekin gero». Ikusiz gozatu eta «lehiaketen bueltako giroa eta bertako gasolina usaina» gustatuta, bide hori hartzeko irrika piztu zitzaion. Gogoa, horixe izan da bere zaletasunaren motorra martxan paratzeko giltza. 

Kopilotu izatetik pilotu izatera

Zehazki, 2018ko urriaren 20an, luzaroan bide ertzetik ikusi izan zituen lasterketa horietako bat kotxe barrenetik ikusteko aukera izan zuen: «lagun-mina dudan Xabier Zubeldiak eman zidan aukerari esker Garesko Rallysprintean kopilotu atera ahal izan nintzen». Egun hori eta lasterketaren aitzinekoak «ilusio handiz» pasatu zituela oroitzen du Berako gazteak: «lehiaketaren bezperan zirkuituaren inguruko oharrak hartu behar izan genituen, lasterketan ondotik zetorrena zer zen jakiteko eta, horrez gain, kotxea ere behar bezala prestatu behar izan genuen. Egun politak izan ziren...». 

Egun hori bezain ongi gordea du iazko uztailaren 17a beratar motorzaleak. Orduan izan zuen ondoko eserlekura salto egin eta bolantearen ardura hartzeko aukera: «nire ametsa lasterketetan parte hartzea zen eta IV. Malerrekako Rallysprintean aukera izan nuenez ez nuen zalantzarik izan». Ordutik pilotu ibiltzen da.

Denbora eta dirua zaletasunerako baliatuz  

Aitzinetik hasi zen bere debutaren egunerako prestaketa lana eta, onartu duenez, horretan ere ederki pasatu zuen: «saltsan ibiltzea eta eskuak zikintzea gustuko dut» dio irri artean.

Gainera, motorzaleen arteko elkarlanak dena arintzen du: «beti izan dut laguntzeko prest dagoen jendea nire inguruan eta ni neu ere bertzeei laguntzen saiatzen naiz». Denbora aldetik ez ezik, ekonomikoki ere «gastu handia» eragiten du zaletasunak eta onartu duenez «soldataren zati handiena» horretan joaten zaio. Gehiago ere bada: «babesleen laguntzarengatik egiten dut aitzinera, hortaz hemendik haiei ere eskerrak eman nahiko nizkieke».

Pasatako denborak eta ordaindu beharreko guztiak, denak merezi du eta dena atzentzen da egun handia ailegatzen denean. Beldurrek eta bertzelako pentsamenduek ez dute tokirik bere barrenean eta abiadurak errespetua eragiten dion arren, lasterketen momentuan ez du horretan pentsatzen. Horixe da pausoa eman nahi eta ausartzen ez direnei luzatutako mezua: «beldurrari kontra egin eta pausoa eman!». 

Denbora ttikian aurrerapauso handiak

Pilotu trebea denik ezin da uka, eta lasterketa bat ikustea aski da zaletuentzat bere ikuskizuna zeinen gustukoa den ohartzeko. Bere ustez, pilotuak «burua erabili eta aldarte ona izan» behar du, baita «norberaren ahalmenak ezagutu eta horiek baliatzeko gaitasuna» ere.

Urtebete baino ez da pasatu Unsion pilotu hasi zenetik eta ordutik lau lasterketetan parte hartu du gidari. Horietatik «bereziena» V. Ibardingo Igoera izan da: «etxean izateaz gain nire kategorian txapeldun izan nintzen eta...». Orain, ondorengoei begira hasia da, eta zerrenda ez da nolanahikoa: «uztailaren 10eko asteburuan Jaizkibelgo Igoera, 17an Lesakako Rallysprinta, uztailaren 31n Etxalarko Usategietako Igoera eta abuztuaren 31n Ioarreko Igoera». Kopilotu duen Naiara Lukanbio lesakarrarengan konfiantza jarriz eginen du aitzinera, ahal bada denetan parte hartuz, «lasterketa bakoitza bakarra eta berezia» delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun