Olaia Iantzi Ordoki

«Errateko zail dena ere kanporatu ahal izan dut musikaren bidez»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 3a, 09:00
Olaia Iantzik Interneten bideoak ikusiz ikasi zuen gitarra jotzen.

Hiru urtez grabaketekin bueltaka ibili ondotik, 'Errateko modu bat' diskoa plazaratu du Olaia Iantzi lesakarrak. Emaitzarekin «hagitz kontent» dago.

Errateko modu aunitz daude eta horien artean berea dakar Olaia Iantzi Ordokik (Lesaka, 1993) bere lehenbiziko diskoan. Bere bizipenak, sentimenduak eta ikuspuntuak ardatz hartuz eta horiei doinua paratuz sortu du diskoa. Aspaldiko kantak eta berrikiago sortuak bildu ditu ekoizpen honetan eta «mezuz beterik musika lasaia eta atsegina» izan da horren guztiaren emaitza. Musikaren bidez «kanporatzeko zail dena ere» ateratzeko aukera izateaz gain, aspaldiko nahia bete du: «argi nuen noizbait nire kantak txukun gordetzeko disko bat egin nahi nuela eta ailegatu da momentua».

Musika duzu zaletasun… noiztik zabiltza mundu horretan?

Badira urte batzuk… 13-14 urterekin lagun batzuek taldetxo bat egin genuen. Euskal kanten bertsioak egiten genituen. Gero, Itziar Telletxea Pitxirekin kantu zaharren bazkaritan, bazkalondoan, jotzen hasi nintzen. 

Lehenago musika eskolan ibilia zara?

Bai, urte batzuk egin nituen. Solfeo ikasten hasi nintzen, txistua urtebetez jo nuen eta trikitixa jotzen bederatzi bat urte nituela hasi eta 15 urte inguru bete arte aritu nintzen. 

Eta gitarra jotzen noiz hasi zinen?

Iruñera ikastera joan nintzenean, orain dela zazpi bat urte, arratsaldetan aspertzen nintzenez, eta jakin-mina nuenez, gitarra jotzen ikasten hasi nintzen. Interneten bideoak ikusiz ikasi dut. 

Zein izan zen zure lehenbiziko kanta?

Diskoko 'Javi' kanta izan zela uste dut. Lehenago lagunen batekin egina nuen zerbait baina oso-osorik nirea dena horixe da. Aspaceren Uxane zentroan, egun lan egiten dudan tokian, praktikak egin nituenean izan zen, orain bortz bat urte. 

Nola izan zen sortze prozesua?

Orain baino errazago idatzi nuela erranen nuke. Momentu horretan akaso ez nuen gaur egun bertzeko exijentzia maila… Letra nahiko erraz atera zitzaidan eta doinua egiteko hiru akorde ezagun erabili nituen. Kanta horretan zer erran nahi nuen argi nuen eta horrek ere eragina izanen zuen horren erraz idazteko... Uxane zentroan praktikak bukatu eta lanean hasi nintzen eta erabiltzaile bat hil egin zen. Beti bisitan joan behar nuela erraten nuen eta ez nuen aukerarik izan. Erabiltzaile horrekin harreman berezia nuen, aunitz oroitzen zen niretaz eta min hori ateratzeko amak kanta bat idaztea proposatu zidan. Eskertzeko, agurtzeko eta barrenak husteko modu bat izan zitekeenez kasu egin nion. Eta egia erran, lagundu zidan, musikak beti laguntzen dit.  

Zure kantek bizipenekin lotura zuzena dutela erranen zenuke?

Kanta batzuk nire bizipenen isla dira, bertze batzuk, berriz, egoera edo gai zehatz batekiko ikuspuntu bat adierazteko modua. 

«Bertzeen kantak jotzeaz aspertu ginenean gure kantak sortzen hasi ginen»

Itziar Telletxearekin, Hurih taldea osatuta, egin zuen jendaurrera salto Olaia Iantzi Ordokik. Bazkalondo batzuetan aritu zen gitarra astintzen lehenbizikoz eta orain bortz urte izan zen hori, Telletxeak Mexikon urtebetez egin zuen egonaldiaren ondotik, proposamena ailegatu zitzaionean. Gogo onez onartu zuen Iantzik: «musikarako gogoz nintzen eta aukera bikaina zenez, poliki-poliki hastea pentsatu genuen». 

Kantak sortuta, azaleratzeko gogoz
Modu horretan sortu zuten taldea. Itziar Telletxeak Mexikon ikasi zituen kantak eta hark sortutakoak izan ziren jo zituzten lehenbizikoak. Gerora, ordea, eurenak sortzen hasi ziren: «kanta horiez aspertu ginenean geureak egitea pentsatu genuen eta entseguetan gure burutazioak botata etorri ziren». Bien arteko «konfiantza handia eta giro polita» daude ekoizpen bakoitzaren gibelean eta momentu horiengatik hain zuzen, «hagitz bereziak» dira Iantzirentzat. 

Sortzeak ongi pasatzeko aukera eman zienez, gero eta gehiago izan dira egin dituztenak: «gaur egun kontzertuetan jotzen ditugun gehien-gehienak guk eginak dira». Momentuz kanta horiek ez dute argirik ikusi baina ez da gogo faltagatik izan. Konfinamendua hasi aitzinetik argitaratzeko asmoz grabaketak egiten hasi ziren eta bortz kanta grabatuak dituzte: «gehiago grabatu eta disko bat osatuz azaleratu nahiko genituzke». 

Udako emanaldiak
Bien bitartean, ordea, emanaldiekin segitzen dute, eta horiek gero eta gehiago lantzen ari dira: «azken urteetan tronpeta, baxua eta perkusioa ere baditugu, taldean jotzen dugu». Berriki herriko Bereau hotelean jo dute, uztail bukaeran Arbizun izanen dira eta abuztuan herrian bertan izanen dute aukera, Lesakako udako zikloan.  

Letrari musika edo musikari letra paratzen diozu?

Batzuetan doinua paratzen dut lehenbiziko, bertzeetan letra eta horren araberako doinua sortu. Denetarik egiten dut. Badut doinua bertze kanta batetik hartu eta letra nik egin diodan kantarik ere. 

Noiz hasi zinen diskoarekin bueltaka?

Duela hiru bat urte. Txukun grabatu eta gorde nahi nituela argi nuen. Pitxik bere diskoa ere atera zuen eta Beñati, berari lagundu zionari, galdetu nion. Biok ahal izan dugun tarteetan aritu gara. Ez batak ez bertzeak ez dugu hori lanbidetzat eta zaila izan da. Gainera, Donostian bizi da eta han egin ditugu grabaketak. Beraz, azken urte honetan guztian ezin izan gara elkartu… Konplikatua izan da.  

Diskoko lehenbiziko bi kanten letrak ez dira zuk eginak, gainerakoak bai…

Kantak sortzen hasi nintzenean lagun batek, Omar Cabellok, bi kanta hauek egin zizkidan. Momentu hartan denbora aunitz pasatzen genuen elkarrekin eta ongi ezagutzen ninduen. Nire egoera zein zen, zer pentsamendu nuen… ongi zekien eta hori abiapuntu hartuz egin zituen letrak. Ondotik, nik doinua paratu nien. 

Badute zurekin lotura, beraz.

Bai. Diskoan ez baina kontzertuetan bertze bi lagunen letrak ere baditut eta ilusio handia egiten dit horrek. Gustura erraten dut beraienak direla. Azken batean nirekin kontatzen dute, euren letrak nire eskuetan paratzen dituzte eta polita da hori.

Hizkuntzak ere bereizten ditu hasierako bi kantak...

Egia erran horregatik paratu nituen hasieran. Bera Bartzelonan bizi izan da eta euskara ulertzen badu ere ez du solas egiten… Gazteleraz ez naiz hagitz trebea eta, horiek lehenbiziko grabatuta, gainerakoak lasaiago eginen nituela pentsatu nuen.  

Noiz sentitzen duzu sortzeko beharra?

Hasi eta deus ateratzen ez den momentuetan bertze baterako uzten dut, baina, egia erran, ez dakit irudimena noiz pizten zaidan. Sortzerako orduan muturreko sentimenduek laguntzen didatela uste dut.

Errateko modu bat. Zein da errateko modu hori?

Aunitz dira errateko moduak. Nik disko horretan nire errateko modua azaleratzen dut, musikaren bidez eta nire letren bidez. Ez dute egitura bateraturik, letra ez dute nondik hartu… Bizitzan kostatzen zaizkidan gauzak, mina eragiten didatenak, errateko modu honen bidez kanporatu ahal izan ditut. Ulertu edo ez, errateko modua da. 

Letra guztiak zure bizipenekin lotuak dira?

Bai, modu batean edo bertzean bai. Idazten dudan momentuetan hor sartzen naiz. Baina batzuetan ez dira egoerak islatzen, sentimenduak edo sentsazioak baizik.  

Hitz guttitan, nola definituko zenuke zure diskoa?

Lasai aditzeko musika atsegina, mezuz beteriko lana dela erranen nuke.  

Beñat Antxustegik diskoa janzten lagundu dizu. Nola izan da prozesua?

Egia erran erraza da berarekin lan egitea, hagitz langilea eta atsegina da, beti prest eta beti umorez, polita izan da elkarlana. Bere amaren etxean prestatua duen gelan grabatu genuen, bereziki asteburuetan. Arratsalde aunitz pasatu ditu nirekin eta izugarrizko lana egin du grabatzen, txukuntzen… Tresnak sartu, proposamenak bidali… egia erran artista hutsa da, nire kantei gorputza eman die. 

Hasieran grabatutako kanta horiek adituta, hiru urteren buruan, zerbait aldatuko zenieke?

Bai eta maiz pasatzen ari zait gainera. Hasiera hartatik hiru urte pasatu dira eta denbora horretan gehiago sortu eta ikasi dut. Orain, mila gauza aldatuko nituzke, baina egina dago eta emaitzarekin hagitz kontent nago, baita Beñatek egin duen lanarekin, berarekin kontatu ahal izatearekin... Lan txukuna izan dela erranen nuke.

Efektuak kenduta, kontzertuetan nabarmen aldatuko dira kantak...

Bai, aldatzen da, bakarrik ibiltzen naiz eta… Baina, bakarrik jo beharrean orain dela bi urte lupa grabagailu bat erosi nuen eta horrekin janzten ditut zuzenekoetan nire kantak. Gitarra, perkusioa, ahotsak… grabatu nituen. Aunitz aldatzen da baina…

Ekain hasieran Lesakan izan zenuen kontzertua...

Bai, lehenagotik hiru kontzertu eginak nituen Beñaten bidez. Lesakakoa hagitz berezia izan zen, baina jende ezagunaren aitzinean urduriago jartzen naiz. Ilusio handia egiten zidan baina hagitz urduri nintzen. Jendeari gustatzeko ez zela nahikoa izanen pentsatzen nuen… Baina hagitz kontent gelditu nintzen eta merezi izan du. Orain arte ingurukoek gustatu zaiela erran didate, batzuk harritu ere egin dira, bakarka ez bainaiz aunitz aritu… 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun