Unai Ruiz Galartza

«Gelditzen ikasi behar dugu, ondotik birsortzeko»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 3a, 08:00
Unai Ruiz bere estudioko erakusleihoan, Palestinako sarraskia gogoan 2005ean egindako bere margolana ondoan duela.

Leitzako plazako frontisaren gibeleko aldean mural ikusgarria margotu du Leitzan bizi den artista beratarrak. Begiradari tranpa eginez, harrizko pareta «garden bihurtu» du.

G. Pikabea | Bera

Haurrekin hezitzaile lanetan, ostalaritzan, itxi berri duten Abarun Aurtizko aterpean, irakaskuntzan... aritua da Unai Ruiz Galartza (Bera, 1983), baina pintura da bere pasioetako bat. Hala izan da ttikitatik, «betitik edozein gauza ikusi eta hori margotzeko kuriositatea» izan baitu. Zaletasun horri bide emateko aukera izan du urteotan. Haurra zela, «sei zazpi urterekin, Juan Karlos Olaetxea margolariarekin» ibili zen. Gero, batxilergo artistikoa ikasi zuen: «lehenbiziko promozioa izan ginen» eta ondotik, Arte Ederrak ikasi zituen. Ez da hasiberria margotzen, baina bereziki ezagun egin da berriki Leitzako plazako frontisaren gibeleko aldean egin duen murala.

Arreta handia bereganatu du Leitzako plazako muralak...

Leitzako Udalaren enkargu bat izan da. Plazako frontisaren gibeleko aldean zer eginen nukeen galdetu zidaten eta hain toki polita eta berezia izanik, garbi nuen inguruarekin bat zetorren zerbait egin behar nuela. Bi ideia aurkeztu nituen. Hasiera batean, Leitzako Ingurutxoaren inguruan zerbait egitea pentsatu nuen eta bertze proposamena gerora bururatu zitzaidan, irudia lekuan oraindik gehiago integratzeko kezkatik sortua: tranpantojo bat egitea. Betitik izan dut bat egiteko gogoa, gai izanen nintzela uste nuen, baina ez nuen behin ere egina. Udalak proposamen hori aukeratu zuen eta horrekin hasi nintzen. 

Zaila izan da?

Uste baino denbora gehiago pasatu dut. Bikotekidearen laguntza handia izan da, ni garabiaren gainean egonda, buelta aunitz aurreztu ditut, bere ikusmen milimetrikoan konfiantza osoa baitut. Izan ere, puntu bakarretik ikusten baita irudia perfektu. Parez pare ikusita dena deformatua dago, zabaldua eta zapaldua. Zorionez deformazio hori ez da gehiegizkoa izan, nire beldur handi bat hori zen, paretan lehenbiziko marrak egin aitzinetik ez nekielako zenbateraino deformatuko ote zen irudia bertze puntuetatik ikusita. Aieneko garbilekuaren iturriko bigarren eskaloi erdialdean jarriz hasten da jolasa. Aste bat eta erdiko lana izan da, pareta bera laukietan banatu, puntu horretatik argazkia atera eta horren gainean zirriborroa marraztuz gero paretara islatzeko, berriz argazkia atera, berriz gainean marraztu… laugarren egunean lehendabiziko pintura kapak etorri ziren. Pareta horren azala hagitz lakatza eta porotsua da eta pintura uretan aunitz disolbatu behar izan dut.

«Beti gauza bera eginen banu aspertuko nintzateke»

Unai RUIZ GALARTZA, Berako margolaria

Margotzerako garaian, hainbat adin eta gustutako jendea kontuan izaten saiatu naiz. Niretzako lan bat izan balitz, segur aski  emaitza bertzelakoa izanen litzateke, leku batzuetan paretaren gordintasuna airean utzi izanen nuke, margo tantoak bere horretan utziz eta kolore biziagoak erabiliz... Baina kasu honetan, bereziki leitzarrentzat egindako lana izanik, plazaren kutsua mantentzea zen helburua, eta margotzen ari nintzen bitartean hartu nituen herritarren mezuak aintzat hartuz hala egin behar nuela berretsi nuen. Zahar eta gazte, ideiarekin kontent ikusi ditut, asmatu dudala erran didate eta hagitz kontent nago.

Aspaldi hasia zara pintatzen. Zure muralak Beran, Lesakan... ikus daitezke, eta Leitzan ere ez da bakarra...

Estudioa irekitzearekin batera, Leitzako Harri-Hari Tokian 301K-ren lokala irekitzear zela, mural bat margotu nuen barrenean eta argazki baten kopia kanpoan. Egin ditudan mural aunitz taldean egindakoak izan dira, Berako Kaxerna Gaztetxeko partaide izanda. Granadan ere gaztetxe eta eskoletan muralak pintatzen aritu nintzen. Lesakan, torturaren biktimak gogoan, Egia ur azalera neurri handiko horma-irudia egin nuen frontoiaren gibeleko aldean, eta etxeetan, jatetxe eta ostatuetan ere egin izan ditut. Aurtizko gure aterpea ere muralez bete-betea izan dugu. Paretaz gain, jendeak eskatzen didanaren gainean margotzen dut, Txokosferarako kakao gurinaz, teiletan, aizkoretan, jostailuetan, egurrean, mihisean noski, baita behin haurdun zegoen lagun baten tripa gainean ere. 

Zerk bultzatzen zaitu pintatzera?

Momentuaren arabera. Enkarguak gustura egiten ditut eta are gehiago, oparia eskatu dutenak eta hartu dutenak kontent gelditzen direla ikusitakoan. Noizbait, «bizitzan hartu dudan oparirik politena izan da» erran didate, eta hori aditzea hagitz pozgarria da. Bertzelakoa da niretzako margotzea, neure burua epaile dudala. Jolasteak eta ni neu probatzeak, azalerak eraldatzeak eta bizi berri bat emateak bultzatzen nau. 

Unai Ruiz Leitzako plazan pintatu duen muralari begira.

Zein berezitasun dute zure lanek?

Aunitzetan enkarguz egiten dut lan eta jendeak nahi duenarekin konektatzen saiatzen naiz. Holakoetan, eskatzen duenaren gustuaren arabera egin behar da lana, eta horregatik ezinbertzekoa da bezeroarekin komunikazioa eta hartu-emana. Batzuetan emaitza ez dut horren nirea sentitzen. Bertze batzuetan, aldiz, guztiz nirea, duela 15 urte Borrokan taldearentzat egin nuen diskoaren azalarekin gertatu zitzaidan bezala. Estilo eta gai hagitz desberdinetako lanak egiten ditudanez, berezitasuna hori izan daitekeela iruditzen zait. 

Baduzu gustukoa duzun margolaririk?

Aunitz. Ez dut inor eredu garbitzat, gaur egun egile eta irudi pila ditugu eskura, horiek buruan gordetzen dira eta behar denean atera. Irudi guztiak izan daitezke baliogarriak eta miresgarriak, baita nire arrebak egiten dituen marrazkiak ere. Denetarik egiten dut eta, egia erran, beti gauza bera eginen banu, aspertuko nintzateke.

Zer ematen dizu pinturak?

Jolas bat bezala hartzen dut. Dibertigarria da niretzako objektuen azalak eraldatzea eta gauza berriak sortzea. Beti pentsatu izan dut, baratze bat izatearekin alderatu daitekeela. Aldiro erronka berri baten aitzinean jartzen naiz eta honek konpromisoa eskatzen du. Probatzera, esperimentatzera, amestera, haserretzera, deskubritzera, huts egitera, zapuztera, asebetetzera, enpatia bilatzera, neure buruan konfiantza gehiago hartzera eta hau hobekiago ezagutzera eta abar luze batera eramaten nau. 

Lanak zirriborroen gainean egiten dituzu edo batere gabe?

Leitzako muralaren kasuan, zirriborro aunitz egin nituen, bai paperean baita paretan ere, lanak eta teknikak hala eskatzen zuelako. Baina normalean zirriborroak lanaren gainean egiten ditut zuzenean. Ia beti margo akrilikoak erabiltzen ditut, agudo idortzen dira, garbiagoak izaten dira eta beraz, ez dut gehiegi esperatu beharrik gainean berriz margotzeko. Behin eta berriz margo kapak gainjartzen aritzen naiz. Aunitz gustatzen zait aspaldian egindako nire lanen gainean margotzea.

«Bizitzan ametsik handienak bete ditut edo betetzen ari naiz»

Unai RUIZ GALARTZA, Berako margolaria

Ez naiz borragoma zalea, eta haurrekin eskolak eman izan ditudanean, haurrek borragomarekiko gehiegizko menpekotasuna dutela iruditu izan zait, segurtasuna borragomak emanen balie bezala. Akatsak eginda ez dela deus ere pasatzen ikasi behar dugu eta gainean ere margotu daitekeela; gainera, aunitzetan zerbait hobea atera daiteke. Batzuetan blokeoen aitzinean gelditzen ikasi behar dugu, aldendu eta denbora pasatzen utzi, ondotik birsortzeko. Leitzako murala egiten ari nintzela ere sumatu nuen halako kezka bat. Aunitz pintura tantak hor geldituko ziren beldur ziren eta borratuko ote ziren galdetzen zidaten. Nik, ordea, 'lasai, borratuko dira edo hor geldituko dira, ez da deus pasatzen' pentsatzen dut.

Kanpoan ala estudioan margotzea duzu nahiago?

Bietan hagitz gustura aritzen naiz. Hala ere, kanpoan, batekin edo bertzearekin solasean, eguzkia dela, euria dela, kontzentrazioa galtzea errazagoa dela onartu behar dut, baina honek ere badu bere xarma.

Baduzu ametsik?

Hagitz kontent bizi naiz eta ametsik handienak bete ditudala edo betetzen ari naizela erranen nuke. Pintura munduan, ordea, nire gustuko margolan sorta eder bat sortu nahiko nuke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun