Ez-sanferminetan «ekitaldi berezirik ez antolatzeko» eskatu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 2a, 11:00
Jende pilaketak saihesteko ekitaldi berezirik ez antolatzeko eskatu du udalak.

Jende pilaketak eragin ditzaketen ekitaldiak ez dituztela inolaz ere babestuko eta kanpinak paratzea «guztiz debekatua» dagoela nabarmendu du Udalak

Bigarren urtez, «osasun krisiak herriko bestak normaltasunez ospatzea ahalbidetzen ez duela» iritzita, sanferminik ez antolatzea erabaki du Lesakako Udalak. Oharrean adierazi dutenez, «nahiz eta egoerak nabarmen hobera egin jende pilaketak saihestea da eginbehar garrantzitsuetako bat» eta, hortaz, «inolako ekitaldi ofizialik ez» dute antolatu.

Horrekin batera,  herritarrei «osasunean adituak direnen aholkuak arduraz segitzeko» eskatu diete: «ekitaldi berezirik ez antolatzea eskatzen dugu bizi dugun osasun egoeragatik. Hauek jende pilaketak eragin ditzakete momentuan bertan edo ondotik. Horrelako jarrerak ez ditugu inolaz ere babestuko».

Herri eremuan kanpinak paratzea ere «guztiz debekatua» izanen dela azpimarratu dute: «jende aunitz etorri ohi da guregana bisitan egun seinalatu hauetan, eta ederra da gure herriarentzat. Baina, erran bezala, gauzak desberdin bizitzea tokatzen zaigu aurten ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun