Balkoi lehiaketa antolatu du Berako Larun Haizpe elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021eko uztailaren 1a

Gaurtik uztailaren 15era bitarte, beratarrek euren balkoiak zaindu eta apainduko dituzte. Elkarteko eta udaleko kideek osatutako epaimahaiak aukeratuko ditu bortz irabazleak.

Aurten VI. balkoi lehiaketa eginen dute Beran, Larun Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak antolatua eta Udalaren eta Gobernuaren laguntzarekin. Herrian «hagitz errotuta» dagoen ohitura sustatu nahi du elkarteak; «urtero ikusten dugu nola edertzen diren balkoiak lore-konposizio desberdinekin, koloreen koordinazioarekin eta landare eta loreen barietatearekin».

Horretarako, balkoi lehiaketa deitu du elkarteak uztailaren 1etik 15era. Herrigunea bortz eremutan banatuko dute:

  • Altzate
  • Legia, Kanttonberri eta Eztegara
  • Bera
  • Agerra
  • Baserriak

Epaimahaia elkarteko hiru kidek eta udaleko bi kidek osatuko dute, eta bortz sari banatuko dituzte, bat zonalde bakoitzeko. Bi lagunentzako afaria (elkarteko kide diren jatetxeetan) eta produktuen lote bat izanen dira sariak, uztailaren 28an 20:30ean Herriko etxeko plazan banatuko dituztenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun