Nerea Bertiz Etxarte

«Jendeak gero eta gehiago eskertzen eta baloratzen du eskuz egindakoa»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 26a, 13:00

Geldi dagoenean ere burua martxan izaten duen horietakoa da Nerea Bertiz Etxarte (Igantzi, 1991). Igantziarra da sortzez, baina badira urte batzuk Lesakan bizi dela: «oker ez banago 2014an etorri nintzen». Lesakarekiko lotura, ordea, «betitik» izan du: «atta lesakarra da eta aunitz egon gara Lesakan, lagun aunitzek erdi lesakarra naizela erran izan didate beti» dio irri artean. 

Herritik joateak ez dio herria uztea eragin Bertizi eta «egunerokoa aunitz aldatu gabe», bi herrien arteko loturari eutsi dio. Edozein modutan, «Igantziko lagunak guttiago ikusten ditut orain eta hori faltan sumatzen da». Astean «pare bat aldiz» egiten du bisitatxoa, «igandero gurasoen etxera joaten naiz eta astegunez arratsalderen bat ere hartzen dut».

Gainerakoan, lanak eta seme- alabek hartzen diote Bertizi denbora gehien: «arratsaldetan haurrekin parkean edo paseatzen egotea gustatzen zait». Eta, gelditzen den denboran ere izaten du zereginik: «astean egun batez dantzako klaseak ematen ditut eta hagitz gustura nabil horretan». Gainerakoan, berriz, «kirol pixka bat egin, josi, lagunekin egon...».

«Jendeak bere produktua bakarra izatea nahi du»

Nerea Bertiz Etxarte, Igantziko gaztea

Horiexek dira igantziarraren zaletasunak: «dantza eta musika izugarri gustatu zaizkit betitik eta beti egon naiz dantza munduarekin lotuta bai Igantziko dantza taldean, baita orain Tantirumairu dantza taldean ere helduei klaseak ematen. Hortaz gain, lagunekin egotea, besta egitea, jostea… gustatzen zait».  Eta denera ailegatzeko, «haurrekin ahalik eta hobekien antolatzea» eta «tarteak aprobetxatzea» da gakoa.

Batzuk aspaldiko zaletasunak ditu, bertzeak, berriz, antzeman berriak: «josten duela hagitz gutti hasi nintzen. Etxean beti egon da josteko zaletasuna baina nik ez dut inoiz horretarako joerarik izan».

Ustekabean harrapatu du joskintzak: «bi lehengusu aita izan berri zirenez, beraiei opari bat egiteko lerde-zapi bat egitea pentsatu nuen. Josteko makina amarena da eta egun batean lerde-zapi bat egiten saiatu nahi nuela aipatu nionean harrituta gelditu zen, beti erran izan baitiot jostea aspergarria iruditzen zaidala». Makina atera eta haria jartzen erakutsi zion amak eta hortik aitzinerakoa «bideoak ikusiz» ikasi du: «zalantzaren bat izan dudanean amak lagundu dit».

Hasierako lerde-zapi hari esker «espero ez nuen» mundu bat harrapatu du Bertizek: «gustura nabil horretan, niretzako hartzen dudan denboran musika jarri eta nire munduan sartzen naiz. Josteak deskonektatzeko balio dit».

Zaletasuna indartu ahala, «jendeak ikusi ahal izateko aukera» aztertzen hasi zen Bertiz eta egiten zuena erakusteko Instagram kontu bat sortu zuen. Momentu hartan «jendeari gustatuko zitzaiola eta eskariak eginen zizkidatela pentsatu gabe» jarri zion izena: «logorik gabe, koloretako atzealde batean Hariak paratu nuen». Izen «erraza eta polita» irudituta, buelta gehiegirik eman gabe, hartu zuen erabakia. Edozein modutan, «ttikitan amatxi eta amaren hariak hartu eta jolastea» ederra izan da Bertizentzat eta, etxeko kontuez harago, «hariak ezinbertzekoak dira joste prozesuan...».

«Opari bat egiteko josten hasi eta gustatu egin zitzaidan»

Nerea Bertiz Etxarte, Igantziko gaztea

Umeentzako gauzak izan ziren zabaldu zituen lehenbiziko lanak: «gure alaba ere joan den urtean jaio zen eta berarentzako gauzak egiten hasi nintzen». Hari bat batera eta bertzea bertzera, «poliki-poliki» geroz eta gauza gehiago egiten ditu orain: «Haurrentzat txupeteentzako euskarriak, toallak, lerde-zapiak, pardelak eramateko zorroak, kanbiadoreak… Merienda poltsak ere eskatu izan dizkidate. Helduentzat tote bag moduko poltsak egiten ari naiz. Haur naiz helduentzat buruko zinta eta mototsekoak ere egiten ditut.Egia erran jendeak ordura arte egin ez dudan zerbait eskatu izan didanean saiatuko nintzela erran eta egin izan dut».

«Inoiz pentsatuko ez nukeen» harrera izan dute bere lanek eta, ondorioz, aldaketa batzuk ere egin ditu: «hasieran ez nuen etiketarik egin baina eskaerak ikusita egitea pentsatu nuen». Eta, horren aitzinean, esker oneko hitzak ditu: «eskerrak aunitz niregan konfiantza izan dutenei baita nire produktuen erakusleiho direnei ere. Herriko denda batek aukera hori eman dit eta hori bikaina izan da niretzat». 

Horiei guztiei esker, hariak ez du etenik, eta Bertizek «ideia pila bat» darabiltza buruan: «denak ateratzeko denborarik ez dut, tarte bat dudanean aritzen naiz josten eta... denbora horretan gustura aritzen naiz eta horrek balio dit». Emaitzak, gainera, merezi du: «izugarri asebetetzen nau nire lana jendearen gustukoa dela ikusteak eta nik egindako zerbait daramatela ikusteak. Sentsazio hori izatea ederra da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun