Mikel Leiza nagusitu da Iker Iriarteren kontrako apustuan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 23a, 11:00

Joan den larunbatean, ekainaren 19an, Iker Iriartek eta Mikel Leizak apustu ikusgarria jokatu zuten Lesakan. Herritik Igantziko bentetara eta buelta egin ondotik, Agiñara goitu ziren, bizkarrean 20 kilo zituztela.

08:45ean karga pisatu ondotik, 09:00etan eman zioten hasiera apustuari. Bikoteak Lesakako plazatik  Igantziko bentetara trenbidez joan-etorria (13 kilometro) egin zuen lasterka. Trenbidera arte elkarrekin joan ziren eta ondotik Leizak aitzin hartu zuen. Leizak 55 minutu behar izan zituen plazara ailegatzeko eta Iriarte lau minutu eta 10 segundoko aldearekin ailegatu zen.

Ondotik, 20 kiloko karga hartuta, herriko plazatik Agiña kaskora abiatu ziren. Bigarren zati honetan Iriarte estutzen hasi zen eta minutu bat hurbildu zitzaion (hiru minutuko aldea izateraino). Baina Leizak hori ikusita, berriz indartu eta distantzia handiagoa hartu zion.

Leizak Agiña kaskora ailegatzeko bi ordu eta sei minutu behar izan zituen eta Iriarte zortzi minutu beranduago ailegatu zen.

Eguraldia eta giroa

Eguraldia lagun izan zuten, apusturako tenperatura egokia izan zuten. Goizean, lehendabiziko zatian, euri pixka bat egin zuen arren, gero ateri eutsi zion. Herriko eta inguruko jende aunitzek jarraitu zuen erronka, eta parte-hartzaileen iritziz «polita zen jendea puntu batetik bertzera mugitzen ikustea». 

Erronka bukatuta, Agiñan bertan "sari" banaketa egin zuten (birziklatutako kopa bat, herriko gazteek goizean bertan bote bidez erositako xanpain botilak eta argazkiak banatu zituzten).

Apustuaren ondotik herrian poteoan ibili ziren eta ondotik bazkaria egin zuten sagardotegian (argazkian bertan bazkaldu zutenak).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun