Joan den urteko geldialdiaren ondotik, Elias Garralda VIII. Margoketa azkarreko lehiaketa eta Haur Margolarien Eguna antolatu ditu Beti Gaztek, Lesakako Udalaren eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearen laguntzaz ekainaren 27rako.
Helduei dagokienez, lanak igandean 08:30etik 10etara zigilatuko dituzte eta 13:30etik 14:00etara aurkeztu beharko dituzte elkartean.
Lesakako hirigunea izanen dute margotzeko gaia. Aurkeztutako lanekin erakusketa eginen dute eta sari banaketa 18:00etan eginen dute. Lehenbiziko saria 600 eurokoa izanen da eta bigarrena 350 eurokoa. Herriko margolarien artean obrarik hoberenak 150 euroko saria jasoko dute.
Haur Margolarien Eguna
Ttikienei dagokienez, hiru maila bereiziko dira: A maila (LH 1-2); B maila (LH 3-4) eta C maila (LH 5-6). Lehiaketa 11:00etan hasi eta 13:00etan bukatuko da eta maila bakoitzeko marrazki onenek saria izanen dute. Parte hartzaile guztiek margotzeko materialak eraman beharko dituzte eta antolakuntzak margotzeko taula emanen die.