Bere azken kirol kronikak idazten ari da Jose Mari Telletxea beratarra

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 23a, 19:00

Jose Mari Telletxea, Gipuzkoan txapeldun orde izan den Gure Txokoako kadeteen entrenatzaileekin, joan den igandean Errenterian.

35 urteko lanean hainbat kirol kontakizun eder egin ditu «aurten Beti Gazteren hirugarren mailarako igoerarekin borobildu direnak»

35 urte daramatza kirol kronikak idazten Jose Mari Telletxea beratarra. «Diario Vascoko korrespontsalaren karnetak 1986ko apirilaren 14ko data du», aipatu digunez. Uztea kosta eginen bazaio ere, «azkenak» egiten ari dela onartu du: «Gure Txokoa eta Beti Gazteko futbol taldeek bukatu dute denboraldia, Baztan eta Doneztebeko talde nagusiek azken partida falta dute, txirrindularitzaren konturen bat falta dut egiteko eta kitto».

Joan den igandean, Gure Txokoako kadeteek jokatutako finalean, lortutako koparekin argazki bat atera nahi izan zioten entrenatzaileek, 35 urteko ibilbide hori eskertzeko. Izan ere, Telletxearen erranetan, «ametsetan ere ez nuke horrelako bukaera pentsatuko: Gure Txokoako kadeteak txapeldun orde, Doneztebe futbol taldeak igoera ere ia segurtatua eta, nola ez, Beti Gazte hirugarren mailara igotzea… Pena bakarra Baztan jautsi dela».

Baina bere kirol kazetari ibilbidean bertze hainbat oroitzapen on gorde ditu: «txirrindularitza profesionaleko Espainiako txapelketa Beran egin zenean, Euskal Herriko Itzuliko etapa bukaerak Ibardinen, Miguel Indurain Zikloturista martxak, Inaxio Errandonearen debuta eta urte onak, Iñigo Martinez eta Ander Errandonearen debuta pilota profesionalean, Jon Bru, Patxi Vila eta Joseba Errandonea txirrindulari beratarrak, Beti Gazte Preferentera igotzen zen urteak, azkena duela 10-11 urte eta aurten lesakarrak lehen aldiz hirugarren mailara igo direnekoa». Aldiz, gorputzaldi txarra utzi zion Iñigo Martinezek eta Ander Errandoneak hain denbora gutti egitea profesionaletan.

Gure aldetik ere, eskerrak eman Telletxeari, behar izan ditugun guztietan argazkiak uzteko edo informazioa partekatzeko prest egon delako beti. Segi bizkor!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun