Era guztietako gaiak jarri zituzten salgai frontoian igandean: landareak, apaingarriak, etxetresna elektrikoak, jostailuak, altzariak, liburuak, kristalezko ontziak, lepoko zapiak, xaboiak, ukenduak, ogia, kontserbak, postreak... Guztiak herritarrek emandakoak. Produktu horiek guztiak prezio sinbolikoetan jarri zituzten salgai eta saldu ez zirenak Paris 365 eta Emaus erakundeei eman zitzaizkien.
Egun berezi hau girotzeko, eguerdian Igantziko dantzariek herriko karriketan dantzatu zuten erraldoi eta buruhandiekin batera. Arratsaldean, berriz, plazan emanaldia eskaini zuten eta dantza herrikoiak dantzatzeko ere aukera izan zen.
Aritz Ganboaren dokumentala bukatzeko
Udaberriko besten azken ekitaldia ekainaren 27an, igandearekin, izanen dute Igantzin. Bideak dokumentala ikusgai izanen da 18:30ean Baratzondon. Dokumentalaren protagonista, Aritz Ganboa Arruazuko artzain ezaguna, eta Xabier Unanue zuzendaria bertan izanen dira. Dokumentalak Ganboak 2019ko urrian bete zuen erronka kontatzen du: gazta bat motxilan hartu eta Arruazutik Izabaraino eraman zuen, lasterka.