AINHOA UBIRIA SARASOLA

«Sokatiran indarra aprobetxatzeko teknika menderatu behar da»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 20a, 09:00
Ainhoa Ubiria tiran, zagera posizioan. Tiralari bezala ere txapeldun izan da.

Ainhoa UBIRIA SARASOLA, Lesakako Beti GAzte sokatira taldekoa

Launaka, seinaka edo zortzinaka, Nafarroan nahiz Euskal Herrian pandemia garaia hasi zenetik jokatutako sokatira txapelketa guztiak irabazi dituzte Beti Gazteko emAkume. Duela bortz urte hasi zen sokatiran Ainhoa Ubiria Sarasola (Lesaka, 1990) eta bere ibilbideaz aritu gara.

Noiz hasi zinen sokatiran?

2016an hasi ginen sokatiran. Lehenagotik arituak ziren neska batzuk berriz ere hasteko gogoz zeudela erran ziguten eta probatzera animatu nintzen. Behin ere herri kiroletan aritu gabea nintzen, baina proba egiteko aukera ona izaten ahal zela iruditu zitzaidan. Lehenagotik tarteka lasterka eta igerian aritzen nintzen, baina bakarrik orokorrean.

Hasi ez ezik gustua hartu diozuela nabari da taldean…

Hagitz talde polita osatu dugu, bai.  Izugarrizko koordinazioa eskatzen duen kirola da eta horixe erranen nuke dela polita, denak elkarrekin aritzea. Eta dudarik gabe, taldean dugun giroa; kirola bai, baina mahai inguruan ere biltzen gara eta  horrek ere aunitz laguntzen du. Zerbait aipatzekotan, txarrena, tarteka pisua pixka bat kontrolatu behar izatea.

Bide bikaina ere egin duzue azken urteetan…

Lortutako emaitzekin hagitz kontent gaude. Aurten bortz urte eginen ditugu sokan hasi ginenetik eta txapel eta domina batzuk irabazi ditugu. Egia da zorte handia izan dugula irakasleekin. Mutilak munduko txapeldunak izandakoak dira eta beraiek duten esperientziarekin aunitz ikasteko aukera izan dugu eta oraindik ere aunitz dugu ikasteko.

Justuan pandemiaren aitzinetik munduko txapelketan ere izan zinen lehen aldiz… Zer nolako esperientzia izan zen?

Justu-justu izan genuen munduko txapelketara joateko aukera, ondotik pandemia ailegatu baitzen. Talde guztiarekin batera Irlandara munduko txapelketara joatea izugarrizko esperientzia izan zen. Nire kasuan lehenbiziko aldia izan zen eta bertze herrialdeetako taldeak ezagutu eta beraien kontra sokan aritzea hagitz aberasgarria izan zen.

Eta pandemia garaian, berriz, Nafarroan eta Euskal Herrian jokatutako txapel guztiak irabazi dituzue… Zer balorazio eginen zenuke?

Pandemiaren kontuarekin hilabete aunitz pasatu behar izan genituen entrenatu gabe, baina aukera eman zigutenean segituan hasi ginen berriz ere. Gogo handiz hasi ginen berriz ere bueltan eta denboraldi honetan, neskek parte hartu dugun txapelketa guztiak irabazi egin ditugu. Mutilek ere gehien -ehienak bai eta Euskal Herrikoan mistoan bigarren izan ginen, Ibarraren gibeletik.

Gainera, bitxikeria moduan, normalean aritzen zaren zagera postuan ez ezik, tiralari bezala ere txapeldun izatea lortu duzu. Hori nahiko zaila eta berezia dela diote adituek…

Orain arte zagera aritu izan naiz, baina tiralari moduan probatzen hasi eta txapelketan postu horretan aritzeko aukera izan nuen. Tiralari moduan txapelketa irabazteak ilusio haundia egin zidan, ez baita nire ohiko postua. Posizio bakoitzak bere postura eskatzen du eta soka ere toki desberdinean sartzen da. Zageraren kasuan, sokak bizkarra gurutzatu eta gerri inguruan kontzen du; tiralariek, berriz, saihetsen eta aldakaren artean kontzen dute soka.

Sokatira indarrarekin lotutako kirola dela dirudi kanpotik, baina bereziki teknika omen da garrantzitsua… Zer diozu?

Biak inportanteak direla erranen nuke, baina egia da teknika bereziki inportantea dela. Indarra ongi aprobetxatu ahal izateko, teknika ongi menderatzea inportantea da.

Munduko txapelketara bueltatuz, heldu den urtean Singapurren jokatzekoa zen, baina badirudi bertze nonbait joka daitekeela… Zer asmotan dabil Beti Gazteko sokatira taldea?

Heldu den urtean pandemia zertan den ikusi beharko dugu eta horren baitan eta taldean dugun egoeraren arabera ikusiko dugu joateko moduan ote gauden. Halere, berriz ere munduko txapelketara joateko gogoz gaude eta urrea Lesakara ekartzeko behar den guzia borrokatzeko prest!

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun