Estereotipoen ondorioak azaleratuz
Institutuan izan zuen Euskarabentura ekimenaren berri. «Sekula biziko ez nuen esperientzia» gisa ikusi arren, saiatzea erabaki zuen. «Jendearen iritzi positiboek eta harremanak eraikitzeko gogoak» bultzatu zuten izena ematera. «Lagunek eta familiak animaturik» aurkeztu beharreko lana egiteari ekin zion. Zehazki, «egungo gizarteak inposatutako estereotipoak gazte ororen helburu direla» erakutsi nahi izan zuen lesakar gazteak, baita «sareak gehiegi erabiltzeak dakartzan ondorioak azpimarratu eta nolabaiteko kritika egin ere». Horretarako, «eguneroko bizipenak» izan zituen ardatz, eta «ingurukoen azaletan jarriz, ideia nagusiak mahai gainean jarri eta mezu nagusi bat emanez, bi minutu eta erdiko ikus-entzunekoa» sortu zuen.
Jendea ezagutu, bizipenak partekatu
«Esperantza handiz» ekin zion proiektuari baina, egunak pasatu ahala, hori guttitzen joan zen, ia galtzeraino: «ezezkoa garbi ikusi nuen momentua ere izan nuen». Sorpresaz hartu zuen berria: «latineko klasean, ariketak egiten ari ginela, ondoan nuen lagun on batek hurbiltzeko erran eta berria eman zidan. Txantxetan ari zela uste nuen...». Lehenbiziko txandan parte hartzea egokitu zitzaion lesakarrari baina dantza emanaldi batengatik aldatzeko eskaera egin zuen eta bigarren egonaldian izanen da. Koronabirusak eragindako egoera honetan, jendea eta lekuak bisitatzeko mugak kontuan hartuz, «horrelako aukera gutti» daudenez, «esperientzia ahaztezina» izanen dela uste du Ordokik: «jendearekin milaka istorio partekatu bidenabar, euskalkiak eta txoko aunitz ezagutzeko aukera emanen didala uste dut baita naturaz gozatzeko ere».