Ostatuetako terrazak gozatzea bizilagunen atsedenerako eskubidearekin bateragarri egitea eskatu du Berako udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 17a, 08:30
Berako udal ordezkariak ostatuetako jabeekin eta bizilagunekin bildu ziren maiatzean, zenbait arazo aztertzeko.

Bando baten bidez ordutegiak eta soinu-mailak errespetatzea eskatu die ostalariei

Eguraldi onak eta Covid-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko neurrien erlaxazioak sozializatzeko eta ostalaritza establezimenduetako terrazez gozatzeko aukera ematen dute. Hala ere, gozamen hori bizilagunen atsedenerako eskubidearekin bateragarri egin behar da, musikak edo zaratak eragindako eragozpenak saihestuz. Hala eskatu du Berako udalak, bando baten bidez.

Ildo horretatik, ostalaritza establezimenduei ohartarazpena egin die Berako Udalak, Aitor Elexpuru alkateak sinatutako bando baten bidez. Honela, «irekitzeko eta ixteko ordutegiak Nafarroako Gobernuak pandemiaren bilakaeraren arabera unean-unean ezartzen dituenak» izanen direla ohartarazi du udalak, baita Jarduera Sailkatuen Ordenantzaren arabera, kanpoko soinu-mailak ezin duela 55 dBA gainditu eguneko ordutegian (22:00 arte) eta 45 dBA gauekoan.

Berako udal bandoak dioenez, «establezimenduaren titularra arduratuko da ordutegiak soinu-mailak eta gainerako neurriak kontrolatzeaz» eta udalak Foru Poliziari jakinaraziko dio ezagutzen duen edozein ez-betetze.

Bide batez, ostalaritza establezimenduei laguntza eskatu nahi die Berako udalak, «beraien jarduera garatzeko duten eskubidea bateratzeko bizilagunek beraien etxeetan bakea eta atsedena izateko –behar ez bezalako zaratak eta eragozpenak jasan behar izan gabe– duten eskubide legitimoarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun