V. Ibardingo Igoeran ekitalditik «kanpo» izandako gertakariak salatu ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 16a, 09:00

Joan den ekainaren 5ean egin zen V. Ibardingo Igoera rallya dela eta, oharra kaleratu du Berako Udalak. «Antolatzaileen ahalegina eskertu» nahi izan du eta horrekin batera, «guttiengo batek zentzuz jokatu ez izana eta Ibardingo errepidean arrisku egoerak sortu izana» salatu du.

Udalak «kirol arriskutsua» dela oroitarazi du oharrean: «protokolo zorrotzak bete behar dira, lasterketa segurtasunez egin dadin. Foruzaingoak bere prebentzio plana aktibatzen du, ekitaldian bertan, eta probaren aitzinetik izaten ahal diren intzidentziak kontrolatzeko eta neurriak hartzeko». Gisa berean, «inguruko bizilagunengan ekitaldi honek ahalik eta eragozpen guttien sortzeko» antolatzaileek egiten duten «ahalegin berezia» ere nabarmendu du.

Baina udalaren hitzetan, «dena ez dago antolatzaileen eta Foruzaingoaren esku». Eta horren harira, «jendarte baten jokaera ez dela eredugarria izan» gaineratu du, «rallyaren aitzakian aurreko egunetan eta bezperan Ibardingo bidean hainbat kotxe, goiti eta beheiti ibili ziren ziztu bizian, derrapatzeak eginez, zirkulazio arauak bete gabe, eta larriena iruditzen zaiguna, hagitz egoera arriskutsuak sortuz errepide horretako erabiltzaileei».

2017an ekitaldiaren bezperan kotxe batek bide ondoan dagoen etxe baten kontra talka eginez istripua izan zuela oroitarazi du Berako Udalak oharrean. «Aurten ere etxe horretan bertan bertze ibilgailu batek talka egin du». Argi utzi du «bi istripuak ekitalditik kanpo» gertatu zirela. «Ez diegu inolaz ere antolatzaileei errurik bota nahi. Kontrakoa, beraiek beti udalarekin harremanetan izan dira eta gertakari hauek ez gertatzearen alde lan egin dute».

Udalak dio «ulertzen» duela «errepide ondoko etxeetako bizilagunen kezka, beldurra eta ezinegona», eta «irmoki salatu» ditu «jokabide horiek eta modu arriskutsuan eta ausarkeriaz gidatzea». Gaineratu duenez, «antolatzaileek ere jarrera horiek salatzen dituzte eta euren jarraitzaileei jarrera horietatik urruntzea eskatzen dietela jakinarazi digute».

«Zoritxarrez guttiengo batek ez du zentzuz jokatzen eta arrisku egoerak sortu ditu Ibardingo errepidean. Errespetuz eta zentzuz ibil gaitezen errepidean, bueltarik izanen ez duen ezbeharren bat izan ez dezagun».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun