Baztan-Bidasoko suteetan kaltetutako eremuak bisitatu ditu Gomez kontseilariak

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 15a, 14:30

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 109.000 euro bideratu ditu baso-jardueretarako eta 268.000 euro gehiago emanen ditu azpiegituretan eta aziendetan sortutako kalteak konpontzeko.

Itziar Gomez kontseilariak eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak otsailean Baztan-Bidasoan su hartu zituzten eremuak bisitatu dituzte Bera eta Lesakako alkateekin batera. 770 hektarea larre, sastraka, konifero eta hostozabal erre ziren sutean, baina landaredia berriz ere suspertzen hasia da.

Sutearen ondotik, Nafarroako Gobernuak 109.000 euroko dirulaguntza eman zuen oihanberritze lanetarako. Berako Zamarneko Borda inguruan itxiturak konpontzeko eta zuhaitzak birlandatzeko 47.000 euro erabili zituzten. Honez gain, Lesaka eta Ezkurrako mendi komunalak antolatzeko proiektuen berrikusketara zuzendu dituzte 62.000 euro. Kaltetutako zuhaiztiaren mozketa ere baimendu dute Bera eta Lesakan, 5.700 egur metro kubiko guztira, pinu eta haritz amerikarrak barne.

Azienda eta azpiegiturei dagokionez, kalte guztiak kalkulatzean deialdi berria eginen dutela iragarri dute, kaltetutako abeltzainak laguntzeko. Azpiegituretan 145.000 euroko kalteak aurreikusi dituzte Baztan, Lesaka eta Berako lur publikoetan. Lur pribatuetako kalteen kostua 93.350 euro ingurukoa izanen dela kalkulatu dute. Azienda aldetik 30.000 euroko kaltea aurreikusi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun