Haurraren eguna ospatuko dute Etxalarren ortziralean

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 15a, 17:00

Ekainaren 18an Haurraren Eguna ospatuko dute Landagain eskolako ikasleek XXXIII. Ipuin Topaketa eginez.

Iaz ezin izan zuten frontoian egin ohi duten ipuin topaketa eta haur eta gurasoen bazkaria egin pandemia egoera zela eta. Horren ordez, haurrek haien etxean prestatu zituzten ipuin eta marrazkiak eta irakasleak etxez etxe ibili ziren ikasleei liburuak ematen udan irakurtzeko.

Aurten, XXXIII. Ipuin Topaketa eginen dute eta haurrek dagoeneko sortu dituzte haien ipuinak. Gainera, Altxataren eta Landagain Eskolako Guraso Elkartearen babesarekin, aurten ere tutoreek liburuak banatuko dituzte ikasleen artean udan irakurzaletasuna sustatzeko.

Uda hasiera haurrentzako

Herriko gaztetxoenei zuzendutako ekitaldiak asteburuan segituko dute. Igandean, ekainaren 20an, udalaren eskutik, Txiribuelta taldea izanen da plazan 17:00etatik 19:00etara, haurrentzako tailer eta jokuekin. Ikasturtea bukatzeko eta udari hasiera emateko, Xomorro Zirkua izanen dute Etxalarren asteartean; haurrek zirkuaren esperientziaz gozatzeko aukera izanen dute goiz batez zirkuko artistak bihurtuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun