‘Lesaka biziberritzen’ planak harrera hagitz ona izan du herritarren artean

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 11a, 17:00
'Leaka biziberritzen' proiektuaren nondik norakoak aurkezpena egin zuten asteazkenean Harriondoan.

300 herritar baino gehiagok bisitatu du herriko erdigunea berritzeko plana agertzen duen erakusketa eta aurkezpen nagusia ekainaren 9an egin zuten 

Kontent agertu da Lesakako Udala 'Lesaka biziberritzen' ekimenak herritarrengan izan duen harreragatik, herriko erdigunea eraberritzeko planaren erakusketak herritar aunitzen interesa piztu duelako eta gehiengo zabal batek proiektua «atsegin» duelako. Erakusketara bertaratu diren herritarren gehiengoak erdigune biziago, atseginago, irisgarriago eta seguruago bat helburu duen proiektuari babesa eman diote.

Horrez gain, balorazio positiboa egiten du Lesakako Udalak egindako ariketagatik eta herritarren parte-hartzeagatik ere: «Oraindik ere aunitz hobetzeko dugu parte-hartzearen kulturan, eta zenbaitetan kosta egiten zaigu pausua ematea, baina poliki-poliki kontzientzia hartzen ari gara». Proiektu honen abiapuntua mugikortasun plan batekin hasi zen, adituen gidaritzapean herriko eragile zein norbanakoen parte-hartzearekin eratu zena. Eta, erdigunearen eraberritze planean ere, herrian eta herritarren bizitzan izanen duen eraginaz jakitun, herritarren iritzia jasotzea beharrezkoa ikusten du Lesakako udalak. Horregatik, proiektua herritarrei aurkeztu, beraien zalantza eta kezkei pertsonalki erantzun eta euren iritzia jasotzeko erakusketa bat antolatzea erabaki du.

Astebete iraun duen erakusketara Lesakako erdigunean kokatuta dauden eta proiektuak bereziki eraginen dien ostalari eta merkatariak eta ikastetxeetako ikasleak gonbidatu ditu Udalak. Horrez gain, hainbat herritar ere bertaratu dira; guztira, haur eta heldu, 300dik gora izan dira erakusketa bisitatu dutenak. Bisitarietatik 169k eman dute beraien iritzia eta horietatik %98,2ak «atsegin dut» erantzun du. Beraz, Lesakako Udalak uste du ariketa hau egin izanak proiektuari zilegitasuna ematen diola.

Erakusketaz gain, 'Lesaka biziberritzen' proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, aurkezpen bat ere egin zuen udalak ekainaren 9an, Harriondoko Txokobiko aretoan. Bertan, proiektuaren arduraduna den Igor Lopez de Uralde arkitektoak, herriko erdigunearen eraberritze planaren xehetasun guztiak azaldu zituen eta herritarrek beraien kezka edo zalantzak azaltzeko aukera izan zuten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun