Organo kontzertua izanen dute Lesakako elizan ekainaren 13an

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 11a, 15:00
Hendaiako Jean-Marie Philippe Guilmard organo-jotzaile entzutetsuak joko du Lesakako elizako organoa igandean.

Lesakako Roqués Organoaren Lagunak Elkarteak antolatu du Hendaiako Jean-Marie Philippe Guilmard-en emanaldia igandean 18:00etan

Lesakako Roqués Organoaren Lagunak Elkarteak (AAORL), udalaren laguntzarekin, Jean-Marie Philippe Guilmard Hendaiako organo-jotzailearen kontzertua antolatu du ekainaren 13an, igandean, 18:00etan, San Martin elizan. Elkarteak 2021erako aurreikusita duen bigarren kontzertua da hau, izan ere martxoan organo eta biolontxelo kontzertu bat antolatu zuen.

AAORL elkarteak Lesakako kultura, gizarte eta prestakuntza arloan organoa elementu aktiboa izan dadin egiten dituen jardueren barrenean dago. AAORL elkarteak sustatutako organoa zaharberritzeko proiektua gizarte-interesekotzat jo zen 2020an eta 2021ean. Nafarroako Kultur mezenasgoari buruzko Foru Legearen arabera, onura fiskal handiak daude horrelako proiektuetan laguntzen duten enpresa eta partikularrentzat, eta berriz ere animatu dituzte norbanakoak eta enpresak Mecnaren bidez dohaintza egin dezaten 2021eko abenduaren 31 baino lehen.

 

Jean-Marie Philippe Guilmard

Philippe Guilmard 8 urterekin hasi zen solfeoa eta pianoa ikasten eskolan eta 13 urterekin organoa ezagutu eta organista izatea erabaki zuen.

Parisen Robert Camus (organoa) eta Anne-Marie Baratekin lan egin zuen, musika eta organoko bertze musikari ospetsu batzuen artean.

Pierre Lantier (harmonia eta musika konposizioa) eta Bernard Picavet (solfeoa) musikagileekin musika-konposizioari buruzko ezagutzak hobetu zituen. Michel Chapuis eta André Isoir bezalako handiekin ere lan egin zuen.

Bere musika-ibilbidean zehar, sari ugari jaso ditu, bertzeak bertze:

  • 1975: Radio Franceko musikako Erresuma Batuko txapelketetako ohorezko zalduna
  • 1976: Organo-saria Parisko musika lehiaketa nazionalean
  • 1978:  Parisko organo handien titular izendatu zuten
  • 1998tik 2005era:  Cavaille Col (Nanterre) organo historiko handiaren titularra

Bere kontzertista ibilbideari esker, Frantzian eta atzerrian jo ahal izan du eta 50 urteko ibilbidea gainditu du dagoeneko.

Era berean, orkestra filarmoniko handiekin batera interpretatu du, Trajan Popescok zuzendutako Parisko orkestrarekin adibidez. Kausa humanitarioetarako kontzertuetan ere parte hartu du, hala nola, Amnesty Internationalen eta UNESCOren Parisko auditorio handian.

2017tik, Notre Dame de la Bidassoa parrokiako organista liturgikoa da, Hendaiako Saint-Vincent elizan.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun