NAGORE ARRETXEA OIARTZABAL

«Denontzako mundua aldarrikatu nahi dut liburu honekin»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 11a, 12:00
Nagore Arretxea eta Enaitz Iparragirre ama-semeak, liburuaren azalerako erabilitako argazkian.

Enaitz Iparragirre semea jaio zenetik hamabi urte bete dituen arteko bizipenak bilduz ‘Ametsak kontrako bidea hartu zuenean’ izenburua duen liburua argitara eman berri du Nagore Arretxea beratarrak. «Barren-barrenetik» ateratako liburua dela aipatu digu.

Duela 39 urte Beran jaioa da Nagore Arretxea Oiartzabal. Labiaga ikastolako jangelako zaintzailea, Bortzirietako Guztiok elkarteko administria eta, beharbada, azken hamabi urteotan, Enaitz Iparragirreren ama izateagatik ezagunagoa. Bere bizipenak Ametsak kontrako bidea hartu zuenean liburuan bildu ditu. 12 eurotan salgai topa daiteke Beran (Purienea dendan, Zelaieta estankoan eta Igone liburudendan), Lesakan (Telletxea argazki-dendan), Donezteben (Kimetz belar-dendan eta Avia gasolindegian), Narbarten (A mano dendan) eta Goizuetan (estankoan).

 

Zer da irakurleak liburuan topatuko duena?

Desgaitasun larri bat duen ume bat izateak bizitza erabat hankaz goiti jarri, aldatu eta zenbat gauza erakusten dizkizunaren bizipenak. 12 urte hauetan  bizitako esperientziak...

Izenburua bera argigarria da… Nola gogoratu zitzaizun?

Liburua idazten hasi baino lehen, izenburua zein izan zitekeen argi nuen. Amesten genuen bidaia erabat norabidez aldatu izanen balitz bezala. Bidaia zoragarri eta zoriontsu bat amestu izatetik, oztopoz eta trabaz beteriko bidaia malkartsu batean aurkitu izanaren adibide da. Gure ilusio guztiak zapuztu eta zulo ilun batean sartuko bagina bezala...

Orokorrean, zer helburu duzu liburu honekin?

Gure egoera berdina pasatzen ari diren familientzat lagungarri izatea espero dut.  Gauza edo momentu guztiei, alde ona ateratzen ikasi behar dugu. Bizitzan, nahiz eta egoera zailak pasatu, gauza aunitz ikasten ditugu eta esperientzia honek gauza aunitz ikasteko balio izan digu. Desgaitasunak dituzten pertsonek, gizartean denek bezala, errespetatuak eta maitatuak izateko eskubidea dute eta liburu honekin, inklusioaren alde bulkada bat eman nahi izan dut: denontzako mundua lortu nahi dugula aldarrikatuz.

«Desgaitasunak dituzten pertsonek, gizartean denak bezala, errespetatuak eta maitatuak izateko eskubidea dute»

Ez da erraza izanen paperera eramatea zure bizipenak…

Barren-barrenetik ateratako liburua dela ez dago dudarik. Liburu bat idazten dudan lehenbiziko aldia da eta beldur nintzen, emaitza nolakoa izanen ote zen. Proiektu hau, Enaitzek urte batzuk zituenetik, beti izan dut buruan eta liburua idazteko aurrerapauso hori ematea kosta egiten zitzaidan. Liburua idazten hasi nintzenean, bukatu arte ez nuen bakerik izan. Enaitzen lehenbiziko urteetan bizitakoak, berriz ere oroitarazteak, barrenak mugitu dizkit eta behintzat, diagnostikoen garai gogor horiek alde batera utzi genituen eta orain bertze etapa batean gaudela ohartu naiz. Etapa guztiek badute bere alde zaila...

Urte hauetan aunitz mugitu zarete, baliabideak lortzeko kanpainak eginez, Guztiok elkartearen sorreran… Zer balantze egiten duzu hamabi urteotako ibilbideaz…

Enaitzen eta Bortzirietako Guztiok Taldearen alde egindako ekitaldi eta kanpainetan, herritarrek beraien borondatea eta solidaritatea erakutsi izan dute. Beraien laguntzari esker, proiektu aunitz aitzinera atera ahal izan dira. 12 urte hauetan, gauzak hobera aldatu dira, nahiz eta oraindik lan aunitz egiteko dagoen. Ume hauek zonaldean baliabide eskasak dituzte eta behar dituzten terapiak, gailuak... jasotzeko,  maiz hirietara joan behar izaten dute. Bortzirietako Guztiok Taldea elkartea, zonaldean behar berezi horiek ase ahal izateko sortu zen eta horretan  lan egiten dugu.  Ume hauek behar dituzten terapiak, gailu ortopedikoak... hagitz garestiak dira eta Bortzirietako Guztiok Taldea dirulaguntzak, bazkide laguntzaileak... bilatzen saiatzen da, ume hauen bizi kalitatea hobetzeko asmoz.

Aitzinera begira ere horrelakoak egiten segitzeko beharra ikusten duzu?

Denontzako mundua lortu arte ez gara geldituko. Denok bizi kalitate duin bat izateko eskubidea dugu. Gauzak hobetzen ari dira, baina inklusio osoa lortzea da helburua. Oraindik lan handia dago egiteko.

Enaitzek 12 urte beteak, nolabait haurtzarotik nerabezarora hurbiltzen… Nola ikusten duzu mutikoa etorkizunean? Adinarekin zertan aldatuko dira bere premiak eta familiarenak?

Aldaketa prozesuan dago dagoeneko...Enaitzekin zerbait ikasi badugu, egunean egunekoa bizitzea izan da. Etorkizuneko plan gutti egiten ditugu. Egia da, Enaitzen etorkizunari buruz solastatzea pixka bat gostatzen zaigula...Nora joanen da helduago izatean? Norekin egonen da? Galdera aunitz eta ez dugu erantzunik lortzen. Denaren gainetik, Enaitz zoriontsu izatea nahi dugu eta ahalik eta bizi kalitate hoberena nahi dugu berarentzat.

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun