Udaberriko Besten egitaraua hasteko Pauline eta Juliette musikarien emanaldia izan zuten igandean Igantzin. Baratzondon elkartutakoek gozatu ederra hartu zuten emandako saioarekin. Ederki hasi ziren kultur egun hauek eta asteburu honetan izanen dute segida. Ekainaren 11n, ortziralean, 18:30ean Baratzondoan Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan liburuaren aurkezpena eginen dute, Irungo Harrera Sarean lanean ari den Joxean Ortegaren solasaldiarekin batera.
Aitzinera begira ere, bada oraindik zer egin, zer aditu eta zer ikusi… Ekainaren 20an, igandean, merkatu ttikia eginen dute (puskak eman nahi izanez gero, oraindik badago aukera), eta egun hori osatzeko herriko dantzariek emanaldia eskainiko dute eguerdian eta musika eta dantza herrikoiak arratsaldean.
Euskara batzordeak antolatutako Udaberriko Bestak bukatzeko, ekainaren 27an, igandearekin, Bideak dokumentala ikusgai izanen da 18:30ean Baratzondon. Aritz Ganboa, Arruazuko artzain ezaguna eta Xabier Unanue zuzendaria bertan izanen dira.